Getxoko Udaltzaingoak 18 eta 25 urteko bi gazte atxilotu ditu gaur goizaldean Neguriko fruta denda batean ustez lapurtzeagatik. Goizeko 4:20ak aldera, kalez jantzitako Udaltzaingoko patruila batek plastikozko poltsa batekin arin zebiltzan bi lagun ikusi ditu Algortako etorbidetik Ereagako hondartzarantz jaisten. Poliziei egoera susmagarria irudituta, identifikatu eta "araketa prebentiboa" egin die, Udaltzaingoak zabaldu duenez. Gazteei "txapon ugari eta fruta pieza batzuk" aurkitu dizkiete. Ondoren, poliziek fruta denda bat ikuskatu dute eta pertsiana "bortxatuta" zuela eta "barrukoa nahastuta" zegoela ikusi dute. Udaltzainek "lapurreta leporatzeko aztarna batzuk ere" aurkitu ei dituzte. Gazteek "beste lapurreta batzuengatik aurrekari ugari dituzte, horietariko azkena aste honetan bertan Sestaon, liburu denda batean ustez lapurtzeagatik atxilotuak izan" baitziren, bertsio ofizialaren arabera. Gazteak Guardiako Epaitegiaren esku geratuko dira, beste lapurreta batzuetan pare hartu dutenetz ikertzen duten bitartean.