Pinueta auzoak, Itzubaltzeta / Romo herriaren adar leioaztarra, bere XI. Nekazaritza Azoka hartuko du igandean, maiatzak 10. Goizeko 10etatik aurrera nekazari produktuak dastatu eta erosteko aukera izateaz gain, baserriko abereak ikusi eta infernuko hauspoaren doinuez gozatu ahal izango da, trikitilariek jarritako giroari esker. Baina, umeek ahuntzak, behiak eta astoak ikustearekin nahiko izan ezean, poniak izango dituzte zain haien gainean ibiltzeko. Era berean, txalaparta tailerrean saiatu ahal izango dira eta baserria zer den erakutsiko diete Pinuetan. Azken bi tailer horiek 11:30ean hasiko dira. Ordu erdi beranduago, berriz, talo eta txorizo dastaketari emango diote hasiera, bi euroen truke txorizo taloa eta edaria erosi ahal izango dela. Dena den, auzokideak sasoian etorri behar izango dute 27 ekoizleek jarritako 40 postuetako pateak, txerrikiak, ogiak, eztia, ortukariak, landareak, txakolina, sagardoa, gazta eta enparauak ikusteko, arratsaldeko 2etan postuak itxiko baitituzte. Tartean, behar duenak eskuragai izango du Leioako Udalak kaleratutako nekazaritza produktuen hiztegi laburra. Argazkian, hainbat emakume gazta erosten azoka batean.