Astelehenean bizikleten mailegu automatizatua jarriko dute martxan Getxo udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 8a, 17:07

Astelehenean, maiatzaren 11an, Getxo Bizi bizikleten mailegu automatizatutako zerbitzua abiatuko dute Getxo udalerrian. Horrela, Getxo ekimen hori auzokideen eskura jartzen duen Bizkaiko lehen Udala da. Getxoko Udalak 120.000 euro inbertitu ditu eta mailegu-guneak ipintzeko beharrezkoak izan diren lanak egin ditu. Ekimen horren kudeaketa Emaus Getxo Logisticari eman diote, lan bazterketa pairatzen duten pertsonei lana ematen dien enpresa delako. Enpresak zuzeneko zazpi lanpostu sortuz ditu ekimen honen bidez. Imanol Landa Getxoko alkatea harro agertu da 100 bizikleta mailegatuko dituen zerbitzuaren aurkezpenean: “bizikleta urte osoan eguneroko bizimodurako garraiobide eroso eta eskuragarri gisa erabiltzea ahalbideratu nahi dugu, eta horrela Getxo ingurumen aldetik iraunkorra izatea laguntzea. Horrela aurreko bi edizioetan arrakasta handia izan duen zerbitzua bultzatu nahi dugu” . Argazkian, bizikletak probatzen, alkatea baino erosoago moldatu da Keltse Eiguren zinegotzia.

Zerbitzua automatizatzea bilakaera logikoa da gaur egun dauden mailegu pertsonalizatuko sistemetatik abiatuta. Getxo Bizi zerbitzu berriarekin, “zerbitzua geografikoki zabaltzea eta denboran luzatu nahi dugu, eta horrela, ingurumeneko kostuak murriztu, udalerria osasuntsuagoa izan dadin guztientzat” esan du Imanol Landak.

Imanol Landak nabarmendu du “bizikletaren erabilera oso eraginkorra da hirietan motordun trafikoa apaltzeko”. “Finean, getxotar guztiak bizikleta gainera igotzera animatu nahi ditut. Ingurumena hobetuko dugu, eta aldi beran, udalerria ikuspegi hurbilago batetik gozatu ere” , aipatu duenez. Gainera, ekimenaren izena adierazten duen hitz-jokoa eta logotipoak udalerriko armarria barneratuz erakusten duen “keinua” horren adibidetzat jo du alkateak.

100 bizikleta mailegu pean

Bere aldetik, Keltse Eiguren Ingurumen Arloko zinegotziak jakinarazi duenez, Getxo Bizi udalerriko 12 gune estrategikoetan egongo da kokatuta. Guztira 100 bizikleta izango ditu (baina ibilgailu parkeak bere osotasunean 150 bizikleta ditu, ordezkoak barne) “bizikleta erabiliz ingurumenarekin lotuta dauden bi helburu lortzen direla uste baitugu: isuri kutsatzaileak atmosferara murriztea eta hirietan hots-kutsadura txikitzea.” Hasiera batean, udaldira arte, martxan egongo diren mailegu-guneak ondorengo hauek izango dira: Bizkaiko Zubia, Fadura kiroldegia, Ereagako hondartza eta Areetako Geltokiko plazan. Gainontzeko guztiak apurka-apurka jarriko dira martxan.

Bizikletak urtearen egun guztietan erabili ahal izango dira, 07:30etatik 21:00ak arte. Zerbitzua erabiltzeko salneurria urteko 10 eurokoa izango da (Getxon erroldatuta dauden pertsonentzat) eta 20 eurokoa kanpotarrentzat. Egun baterako maileguaren prezioa 2 eurokoa izango da.

Interesdunek zerbitzuan izena eman beharko dute. www.biziprest.com/getxobizi web gunean; 900 84 03 45 telefono zenbakian; biziprest@biziprest.com helbide elektronikoan edo, Romoko Gobelaurre kaleko 31garrenean Emaúsek duen dendan bertan (09:30etatik 14:00ak arte eta 16:30etatik 20:00ak arte, astelehenetik ostiralera. Larunbatetan 10:00etatik 14:00ak arte). Halaber, eta hilabete batez, txartelak Romoko Herritar Arretarako Bulegoan (Aurrezki Kutxa kalean 3) edo Algortakoan (Juan Bautista kalea 6) eskatu ahal izango dira. Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntza bat eman du Getxo Bizi ekimena martxan jarri ahal izateko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun