Ezin dut ukatu gizonaren esanak amorrua sorrarazi zidala, baina baretasunaren izenean azaleko erantzun bat eman nion eta elkar agurtu genuen. Egia esan berak horrela edo hala pentsatzeak ez ninduen amorru berezirik sortzen, bakoitza gura duena pentsatzeko librea baita. Gehien amorratu ninduena umeekin euskaraz dudan harremana gutxiestea izan zen, noiz eta ume biak aurrean zeudenean, iragan hurbil iluneko erretolika antzu hura entzun beharrez. Zorionez seme-alabek euren inguru hurbilean ez dute halako mezu antzurik jasotzen, baina orain arte irakatsitakoa alferrik galtzeko beldurrak airean, badaezpada euskarak balioa azpimarratu nahian gauzak argi jarri behar izan nizkien.
Gizon horren iritziarekin behinolako kanpai hotsak entzun nituen, eta badirudi datozen denboretan horrelakoak gehiagotan entzun beharko ditugula, ezen Gasteizen halabeharrez eta bortxakeriaren indarrez jarri zaigun gobernuak euskararekiko errespetu gutxi adierazi baitu: hasteko lehendakari inposatu berria erdaldun elebakarra izango dugu, eta era berean agintedun gehienek ez dute euren herriaren (bertokoak ei dira) hizkuntza ezagutzen. Eta larriena dena: bost axola zaiela, ezaguna baita horietatik gehienak ezelako euskalduntze planetan ez direla murgildu, eta ez dut uste inoiz murgiltzeko asmorik dutenik.
Horiek horrela, honako galdera hauek begitantzen zaizkit: etorkizuneko agintedun horiek euren eta geure herriaren hizkuntza ezagutzen ez badute, zein herri gobernatu gura dute?. Eta euskaldunok haiengana euskaraz zuzenduko garenean, zer egingo dute?. Gu ordezkatu gura gaituen unibertsitate gizon argi-uste hark lehengoan erabili zuen itzulpen elektroniko kaskar horietako baten bidez erantzuna eman , hala gaztelera garbian egingo digute?. Edo bestela mendian ikusitako gizon haren moduan euskarak bizitzarako ei duen balio eskasa aitorturik, gaztelaniaz egiten behartuko gaituzte?.
Gizon hark euskarak jatekorik ematen ez duela esan zuen, eta era berean ganster berri hauek hori zabaldu nahian ari dira egun batean bai eta bestean ere bai. Azken hogeita hamar urtetan Gasteizko gobernuak ez du euskararekiko errespetu handirik erakutsi, baina oraingo hauek are gutxiago estimatuko dute, eta gizon hark legez lehengo sasoietako mezu antzu eta anakronikoak zabaltzen hasiko dira dudarik gabe. Argi dago halako piztien eskuetan euskararekin ez dugula jateko askorik izango, gosera ez bada ere eskasiara behintzat kondenatuko gaituztelako.
Buka dezadan esanez, gure seme alabek euren nortasuna eta kultura babestuko dituen gidari duinagoak behar dituztela, baina badirudi agintedun hauekin gosea eta eskasia datorkigula, eta gosez eta eskasian bizitzera kondenaturik dagoen gizakiak edozein bitarteko du zilegi inguruan duen egoera latzari aurre egiteko eta bizirauteko, hortzak erakustea barne. Eta euskaldunak gizakiak gara.
Josu Gotzon Landeta (Irakaslea)