Bi lagun atxilotu dituzte Erandion gizon bati lima banarekin eraso egitea leporatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 11a, 14:19

Ertzaintzak 18 urteko bi gizon atxilotu zituen ostiralean Erandion, karraka bana erabiliz beste gizonezko bati eraso egitea egotzita. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, arratsaldeko hiru eta erdiak aldera jazo ziren gertaerak. Ordu horretan, herritar batek SOS Deiak-en 112 telefono zenbakira deitu zuen, Erandioko Playabarri eremuan eraso bat gertatu zela salatzeko. Bertaratutako ertzainek odola zerien hainbat zauri eta ubeldurak zituen gizon bat ikusi zuten lurrean etzanda; hortaz, agenteek anbulantzia bat segituan bertaratzeko eskatu zuten, zauritua erietxera eramateko. Tokian, polizia agenteak zenbait lekukorekin jarri ziren harremanetan. Horien esanetan, erasotzaileak biktimarekin eztabaidan aritu ziren 15 euroko zor batengatik eta, ondoren, bi lima erabiliz eraso egin zioten eta Lutxanako metro geltokirantz alde egin zuten. Geltokitik bertatik segurtasun zaindariek Ertzaintza ohartarazi zuten. Izan ere, geltokiko makinen gainetik salto eginda sartu ziren bi gizon gazte atxikita zituzten. Bertaratu zirenean, ertzainek egiaztatu zuten gizonezko horiek lekukoek eskainitako ezaugarri fisikoen deskribapenarekin bat egiten zutela eta, polizia iturrien arabera. Beraz, atxilotu egin zituzten eta polizia egoitza batera eraman, lesio delitu bat egin izana leporatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun