Oskorrik Areetako Musika Eskolaren Bandarekin batera joko du Getxoko jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 11a, 17:15

Ostiral honetan, maiatzak 15, Getxoko zaindaria den Isidro Deunaren eguna dela eta, bertako jaietako egitarauaren barruan, Oskorri taldeak kontzertua eskainiko du Andres Isasi Udal Musika Eskolaren Bandarekin batera. Emanaldia 20:00etan hasiko da kiroldegiko aparkalekuan, eta sarrera doakoa izango da. Josu Loroño, Udal Musika Eskolaren presidenteak gaur gogoratu duenez, “emanaldi horrekin eskolak duen helburu nagusienetako bat betetzen da: ikasleen eskarmentu eta heziketa musikala aberastea, musika taldean jotzearen bitartez, baita errepertorioaren bitartez ere, musikaren historiaren eta lantaldearen garrantziaz jabetu daitezen”. Hori dela eta "pozik eta harro" agertu da Loroño (mp3). Getxon eskainiko duten errepertorioa 16 abestiz osatuta dago, Oskorriren aro guztietako adierazgarriak direnak, hasierakoak eta azkenengoak; estilo ezberdinetakoak eta giro anitzekoak. Umeei zuzendutakoak ere ez dira faltako. Abestietako batzuk “Forjarien kanta”, “Furra furra”, “Arin bero”, “Negu minean”, “Umepourri” edo “Bizkaipourri” izango dira. Argazkian, Natxo de Felipe Andoaingo Udal Musika Bandaren kide batzuekin iaz emandako kontzertuan / Otsaida.

Bandak badu eskarmentua

Musika Eskolaren Banda orain dela 7 urte sortu zen eta, gaur egun, 46 pertsonez osatuta dago, 12 eta 17 urte bitartekoak (nahiz eta 9 eta 58 urteko musikari bana dauden). Alfonso Vila taldearen zuzendariak prentsaurrekoan adierazi duenez, banda gaztea eta berria da. Orain arte, bere eginkizun nagusia Eskolan bertan aritzea izan da, baina beste zentroetako bandekin ere elkartrukeak egin dituzte (Gernikan, Ondarroan, Barañainen ...). “Banda orekatua eta egonkorra da”, azpimarratu du, “famili guztietako instrumentuak dituena. Entseguen esperientzia oso ona izan da”, esan du Alfonso Vilak (mp3), “izan ere, Natxo de Felipe bera harrituta geratu zen musikariak hain gazteak direla ikusi zuenean”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun