Begoña gazteluko galeriak ezin direla eraitsi dio Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 11a, 19:14

Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondare Zentroak Getxoko Eraikin Adierazgarriak Babesteko Plan Berezia onestearen aurkako txostena egin du eta, horren ondorioz, aipatu espedientea itxita eta bukatutzat eman du Udalak ofizialki. Horrela jakinarazi zuten larunbatean, maiatzak 8, Algortako Begoñako gazteluko galeriak erabilera publikorako izan daitezela aldarrikatzeko, hilabeteak mobilizazioak egiten daramatzaten udalerriko elkarteek. Gorrondatxe kultur elkarteak, Getxo aldeko bizilagunek osatutako Sendoa elkarteak, Eguzki talde ekologistak, Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldeak (UKTEST), Andra Mariko Auzo Elkarteak, Antena Ez taldeak, Koska Irratiak eta Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteak azaldu dutenez, "Punta Begoñako galeriei dagokienez, 89/2001 dekretuaren 17. artikuluak eraispen oso zein zatikakoak ez dituela onartzen gogorarazten du Kultur Ondare Zentroaren txostenak". Azken hilabeteotan Begoña gazteluko galerien erabilera publikoa aldarrikatzen dabiltzan taldeek "albiste ontzat" jo dute, "ondareaz arduratu behar diren erakundeek euren lana egin izana eta, eraikin publiko eta babestu batean luxuzko hotela egin ahal izateko, Getxoko Udalak hartu nahi duen erdibidea moztu izana". Argazkian, larunbat eguerdian erakusketa eta prentsa aurrekoa egin zituzten Telletxe plazan.

Ildo berean, "Udalaren Plan Bereziak zehaztasun eta mugarik gabe galerien iragaztea, galerien egonkortasunaren bermea eskatu gabe labarraren hustuketa eta galerietan hutsuneak irekitzea edota solairuen azpi-banaketak egitea baimentzen dituela" arbuiatu du Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondare Zentroak egindako txostenak. Aurretik emandako argudio eta hausnarketez gain, horrek guztiak euren aldarrikapenari indarra ematen diola nabarmendu dute Gorrondatxe kultur elkarteak, Getxo aldeko bizilagunek osatutako Sendoa elkarteak, Eguzki talde ekologistak, Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldeak (UKTEST), Andra Mariko Auzo Elkarteak, Antena Ez taldeak, Koska Irratiak eta Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteak. "17 urte baino gehiago dira arkiteltura garaikideko arte lan hau udal ondorea dela. Udalak pribatizazioa eta utzikeria atzean utz ditzan eta galeriak herritarron erabilera publikorako behin betiko berregin daitezen lanean jarraituko dugu", adierazi dutenez.

Entzun (mp3) Koska irratiko lagunek "Koskaberri" albistegirako grabatutako prentsa aurrekoaren audioa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun