
Ekainaren 20 eta 23 bitartean,
Pirritx eta Porrotx pailazo euskaldun ezagunen ikuskizun gabe geldituko dira, seguruenik, Getxo udalerriko milaka haur. Izan ere, azken orduko ezustekorik gertatu ezean, gaur zortzi, maiatzak 18, Getxoko Kultur Etxeko Kontseilu Nagusiak pailazoekin duen kontratua apurtuko du, erakunde horretan PPk eta PSE-EEk duten gehiengoari esker. Horrela aitortu diote Servimedia albiste-agentziari aipatu gabeko "udal iturriek".
Boikota Marisa Arrue popularrak eskatu zuen pasa den apirilaren 21ean, artistek euskal presoen
sakabanaketaren aurka egindako bideoa gaitzestearekin batera: “ustezko pailazoak diren EHko zinegotzi ohi horien aurrekariak gogoratzeko beharrik ez delakoan nago. Txikienak dibertitu eta haiekin olgatu baino, adorea emateko hitzaldi terroristez toxikatu eta irakasten die”, salatu zuen Arruek. Ordu batzuk beranduago,
PSE-EE batu zitzaien. Pirritx, Lasarten Batasuneko zinegotzia zela euren alderdikide Froilan Elesperen hilketa ez zuela gaitzetsi argudiatu zuen orduan Luis Almansak. Aurretik, PPk
Korrikari dirulaguntza kentzea eskatu zuen baina hor ez zuen Almansaren babesa izan. Argazkian, Porrotx pasa den apirilaren 12an, Hendaiako Aberri Egunean emandako ikuskizunean.