Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:
Ez da berria euskal preso politikoekiko elkartasuna zigortzeko espainiar gobernuak erabaki eta kolore guztietako poliziek bultzaturiko jarduna. Azken urteotan ugariak izan dira euskal preso politikoen eskubideen alde kalera atera diren herritarrek jasandako jazarpena. Euskal Preso politikoen defentsan antolaturiko mobilizazio ugari izan dira erasotuak, salaketa eta propaganda lanean ari ziren herritar ugari identifikatu, atxikitu edo atxilotu dituzte. Bisitetara bidean latzak izan dira senideak jasan behar izan dituztenak, besteak beste harrikaturiko autobusak, zulaturiko gurpilak, bidean jasandako kontrolak, espetxezainen aldetik jasandako probokazio eta oztopoak.
Terrorismoari inpunitate espazio guztiak kentzeko konpromisoa hartu du orain gutxi Patxi Lopez EAEko lehendakari berriak. Errepresioa baliatu du boterera iristeko eta errepresio gehiago iragarri du datozen urteetarako. Euskal preso politikoekiko babesa ezabatzea, espetxe politikaren salaketa ezabatzea eta elkartasunarekin amaitzea lehentasun izango dituela jakitun gara. Baina Lopez jauna ere jakitun izan dadila oraindik orain milaka garela egunero euskal preso politikoekiko elkartasuna elikatzen gabiltzanak. Milaka gara presoak bisitatzen ditugunak, manifestazioetan parte hartzen dugunak, presoei idazten diegunak, salaketa lanak egiten ditugunak. Herri honetako sektore zabal batek eskatu du behin eta berriz presoekiko sarraski politika amaitzeko. Presoekiko elkartasun mugimenduak oinarri sendoak ditu herri honetan, ez dezatela beraz mehatxu, errepresio eta eraso berriekin beraien helburuetara iritsiko direnik.
Euskal preso politikoen argazki bakoitza herri honek bizi duen gatazka politikoaren isla argia da. Euskal preso politikoak daude herri honetan gatazka politiko bat dagoelako, eta euskal preso politikoak dauden bitartean euskal preso politikoen argazkiak egongo dira Euskal Herriko taberna, kale, errepide eta beste hamaika txokotan. Honez gain hainbat herri eta auzotan abian den sinadura bilketan parte hartzen jarraitzeko deia luzatzen dugu, baita euskal preso politikoen alde burutuko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko ere.