Landare-jatorriko molekula
Resveratrola antioxidatzailea da, eta hainbat landaretan dago: mahatsa, intxaurrak, kakahueteak, eta abar. Tesiaren helburua izan da resveratrolak arratoietan esteatosisa arintzen duen aztertzea.
Horretarako, arratoien hiru talde aztertu dira. Lehenengoak, kontrol-taldeak, jateko eta edateko askatasuna izan du. Bigarren taldeko arratoiek esteatosisa dute, eta karbohidrato askoko eta lipidorik gabeko dieta bat izan dute; gainera, baraualdiak izan dituzte. Azken taldeko arratoiek eta dietak bigarren taldekoen ezaugarri berak dituzte, baina egunero 10 miligramo resveratrol eman zaizkie talde horretako arratoiei.
Lau asteren ostean, hiru taldeetako arratoien gibel-eta odol-laginak aztertu dira. Hala ikusi du ikertzaileak hirugarren taldeko arratoiek, alegia, resveratrola hartu dutenek, gantzaren infiltrazio txikiagoa dutela gibelean, bigarren taldeko arratoiek baino. Analisi horren eta beste batzuen ondoren, ikertzaileak ondorioztatu du resveratrolak esteatosisaren larritasuna arintzen duela arratoietan. Izan ere, kaltetutako gibel-zelulen portzentajea askoz txikiagoa da resveratrola hartu duten animalietan hartu ez duten animalietan baino.
Zelulen oxidazioa
Horrez gain, Elizabeth Hijonak ikusi ahal izan du arratoiei resveratrola ematen zaienean oxidazioa bultzatzen duten sustantzien ekoizpena jaitsi egiten dela. Aldiz, gibelaren oxidazioaren kontrako sustantzia naturalak hobeto mantentzen dira. Horregatik, ikertzaileak ondorioztatu du resveratrolak oxidazioa bultzatzen duten eta murrizten duten sustantzien arteko oreka mantentzen laguntzen duela.
Azkenik, resveratrola hartzeak gibeleko Kupffer zelulen kopurua murrizten du —zelula horiek gibeleko esteatosis ez alkoholikoaren eboluzioarekin zerikusia dute—. Hala, resveratrolak fibrosia bezalako gibeleko gaitzak saihesten lagundu lezake.
Elikadura-ohiturak
Ikertzailearen ustez, ikerketaren ondorioek elikadura-ohiturekin adi ibili behar dugula adierazten dute. Izan ere, baraualdiak aldatzen badira, dieta karbohidratoetan aberatsa egiten den bitartean, gibeleko alterazio larriak eragin daitezke. Resveratrola bezalako antioxidatzaile naturalak hartzeak —bi baso ardo egunean, adibidez— gibeleko gantza nabarmen gutxitzen laguntzen du.