Etxerat: "zeren izenean ukatu zaie presoei EHUn ikasteko eskubidea?"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 12a, 14:48

Azken egun Sarkozyk eta Rodriguez Zapaterok, beste behin ere, Euskal Herriaren aurkako auzian erabat ados daudela erakutsi nahi izan digute. "Frantziak diskurtso bakarra duela" dio eta espainiar Estatuak urte luzeetako erasoaldiaren hainbat froga eskaintzen digu. "Adostasun" hori zuzen-zuzenean pairatzen dutenak gure senide eta lagun errepresaliatuak izaten dira, etengabeko zigor eta jazarpena pairatuz Gure senitartekoak makur arazteko dena ei da zilegi. Muturreko salbuespen egoera batean bizitzera zigortu eta euren oinarrizko eskubideak etengabean urratzen dizkiete. Argazkian, 2007ko abenduaren 18an Ikasle Presoen Eguna egin zuten Presoen Aldeko Taldeek (PAT), Bilboko Plaza Biribilean elkarretaratzea eta ekitaldia burutuz / PAT.

Ez da zigor nahikoa euskal presoak milaka kilometrotara urruntzea, ziega hotz eta ilunetan bakartzea, kartzeletan baldintza ezgizatiarrak ezartzea, gaixotasun larri eta sendaezinak izan arren giltzaperatuta mantentzea, Bizi Osorako Zigorraren legeztatzea, komunikazioak murriztea, asteburu oro milaka lagun eta senideen bizitza arriskuan jartzea.Orain, elkartasun helarazteko ekimenak ere ezabatu nahi dituzte.

2003an espainiar zein Frantziar Estatuetako kartzeletan zeuden 300 preso kaleratu zituzten UPVtik, hasitako ikasketak bertan behera utzi behar izan zituztela. Euskal preso politikoen aurkako bidegabekeria estaltzeko, legea aldatu behar izan zuten. Baita egin ere, zigorgabetasun osoz. Geroztik, behin eta berriro erabili dute formula bera, hots, legalitatez jantzitako jokabide politiko ankerra.

2004an Gasteizko Legebiltzarrak legez besteko proposamena onartu zuen; bertan, ikasle presoek ere ikasteko eskubidea zutela adieraziz. Urte bereko udazkenean, aho batez onartu zuten UPVn kartzelan ikasketak egin ahal izateko Protokoloa. Protokolo horri esker, frantziar Estatuko kartzeletan zeuden euskal presoei ikasteko aukera eman zitzaien. Baina, Protokoloa ez da nahikoa, berriz, espainiar Estatuko kartzeletan dauden presoek ikasi ahal izateko; lege aldaketak UPVk eta Kartzela Zuzendaritzaren arteko hitzarmen bat eskatzen baitu. UPVk hitzarmen hori eskatu duen arren, ez diote aldeko erantzunik eman.

PPk eta PSOEko hainbat agintarik ez dute inoiz begi onez ikusi frantziar Estatuko kartzeletan dauden euskal presoek UPVn ikasteko aukera izatea. Horiek horrela, hainbat saiakeraren ostean, aukera hori ere ukatu diete Protokoloa bertan behera utziz.

Orduan egin genuen galdera bera egingo dugu orain: zeren izenean ukatu egin ahal zaio pertsona bati ikasteko eskubidea? Are gehiago, kartzelan egonik. Presoak askatasuna galdu arren, pertsona orok dituen eskubide berdinak baititu, ikasteko eskubidea barne.

Etxeratek gure senide eta lagunek ikasteko duten eskubidea bermatzeko egin du lan eta bide horri eutsiko diola argi utzi nahi dugu. Izan ere, oinarrizko eskubidea izateaz gain, oso garrantzitsua kartzelaldiari aurre egin ahal izateko.

Euskal jendarteari, UPVri, sindikatu, eragile eta alderdiei gurekin bat egitea eskatzen diegu. Gure senide eta lagunek duten ikasteko eskubidea bermatu behar diegu, euskaraz eta Euskal Herriko unibertsitate eta ikastetxeetan.

Euskal Herrian, 2009ko maiatzaren 11an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun