Athletic baino ez dago eskualde osoan, pantaila erraldoian gainera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 12a, 16:52

Dagoeneko ez da ia beste gauzarik entzuten eskualdeko kaleetan. Soilik maiatzaren 21eko greba orokorrerako deialdiak eta Patxi Lopezen Gobernu berriak eusten diote elkarrizketetan, eta ez gehiegi. Edonon, beraz, aditu daitezke biharko Espainiako Erregearen Kopako finalari buruzko esamesak eta Athletic-ek Barça garaitu eta trofeoarekin buelta dadin hitzetik hortzera jendaurrean botatako aginduak, aukerak, desioak, ametsak... Edonon, Athleticeko armarria eta koloreak, dendetan, tabernetan, balkoietan... 80 hamarkadako Aberri Egunen bat balitz bezala. Badira dagoeneko Valentzian daudenak, Mestallan, Athletic hirian edo azken taberna galduan partida jarraitzeko asmoz. Badira ere laneko azken orduak luzeegi egiten zaizkionak, autoa, autobusa, abioia, limusina... hartzeko prest. Beste batzuk, San Mamesen edo La Casillan oihukatuko dute Luis Medina Cantalejoren txilibitua aditzean. Baina beste milaka jarraitzaile Uribe Kostan ikusi, oihukatu, sentitu, animatu, piztu, poztu, puztu edota desesperatuko dira lehoien jokaldiekin. Horretarako, etxeko zein gustuko tabernetako telebistez gain, Leioan, Itzubaltzeta / Romon, Algortan, Berangon, Sopelan, Plentzian eta Gorlizen, besteak beste, jarritako pantaila handiak zein erraldoiak izango dituzte aukeran bihar. Argazkian, Getxoko udaletxea Athleticen koloreekin jantzi zuen Gobernu Taldeak finalaurrekoetan / Urtzi Altube - Ilanda.eu.

Getxo udalerria

Biharko, Algortako Telletxe eta Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazetan arratsaldeko 6etatik aurrera antolatu dituzten ekitaldietan "jai giroa ziurtatuta" dagoela uste du Imanol Landa Getxoko alkateak . "Garai txarrak bizitzen ari gara. Hain zuzen ere, horregatik, gozatzeko aukerak zabaldu behar ditugu", Landak aipatu duenez. Arratsaldeko 6etatik aurrera, fanfarreak, umeentzako tailerrak, karaokea, berbena eta partida ikusteko 6x4 metroko pantaila izango dira, lehen aipatu bi guneetatik bakoitzean. Horretaz gain, 24na arkume (800 errazio inguru) erreko dituzte. Euro baten truke egongo da jakia dastatzeko aukera, "batetik, horrek daukan lanari balioa eman; eta bide batez, sor daitekeen jende pilaketa ekiditeko", Loroñok azaldutakoaren arabera. Tragoak, ordea, inguruko tabernetan erosi beharko dira. Izan ere, "udalerriko ostalaritza eta merkataritzari bultzada ematea" ere bada “Getxo Athleticegaz” izenarekin bataiatutako ekimenaren helburua. Azken hori jo du arrazoi nagusitzat, Komunikazio zinegotziak, hainbat elkartek txosna jartzeko egindako eskaera atzera botatzeko.

“Getxo Athleticegaz” izena daraman ekitaldi programa 18:00etan abiatuko dute, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia eta Algortako Telletxe plazetan, Athletici eta Kopako finalari lotutako umeentzako hiru tailerrekin (makillajea, txapak eta marrazkiak). Tailerrok Getxoko bi fanfarrek girotuko dituzte: Areatxu eta Txopolis. 19:00etatik aurrera karaokea izango da, 20:00ak arte. Ordu horretan hasiko dira Hakker eta Lotxo taldeek eskainiko dituzten dantzaldiak, Romon eta Algortan, hurrenez hurren, 21:30ak bitartean.

Ordubete lehenago, 20:30ak aldera, arkume errazioen banatzea egingo da (800 bat herri bakoitzeko), errazioko euro bateko prezioan. Elorrioko Carlos Ibarrondo burruntzi maisuak prestatuko ditu 17:00etatik aurrera. Guztira, Bizkaiko Artzain Elkarteak emandako 48 arkume erreko dira. Aipatzekoa da arratsalde osoan zehar kolore zurigorriak eta Getxoren armarria duten hitzordu historikoari lotutako lepo-zapi eta baloiak banatuko dituztela herritarren artean. Azkenik, 22:00etatik aurrera, finala ikusi ahal izango da Udalak Santa Eugenian eta Telletxen ipiniko dituen 6x4 metroko neurria duten bi telebista pantaila erraldoietan.

Leioa

Athleticen partidua jarraitzeko pantaila erraldoi bi paratuko dituzte bihar Txomin Aresti ikastetxean eta San Bartolome auzoko plazan. Udal iturriek onartu dutenez, Bizkaiko herri guztien antzera Leioak ere Athletic-ekin egon nahi du bihar izango den partidu garrantzitsuan. Horretarako, Mestallan Bartzelonaren kontra jokatuko duen Kopako partidu garrantzitsu hau jarraitzeko pantaila erraldoi bi jarriko dituzte.

Alde batetik, Leioako Merkatarien Elkarteak antolatuta eta Udalak babestuta Txomin Aresti ikastetxeko jolastokian jarriko da lehen pantaila. Ezaugarriak 20.000 DLP x opt eta neurriak 6 x 4,5koak dira. Modu horretan zaleek partidu garrantzitsu horren xehetasun guztiak jarriatu ahal izango dituzte. Horretaz gain, gune honetan txosna bat jarriko da eta musika ere ez da faltako. Giroa 19:00etan hasiko da partidua amaitu arte.

Bestalde, Auzotarrok San Bartolomeko auzokideen elkarteak beste pantaila erraldoi bat jarriko du (antzeko ezaugarriekin) auzoko plazan partiduaz gozatzeko, horretaz gain txistorrada ere izango da gune berean. Ekintza hauek arratsaldeko 20:00etatik gaueko 1a arte iraungo dute.

Berango

Orain dela 25 urte Athletic azken kopa irabazten ikusi zutenengan pentsatuz edo, Berangon nagusien etxeko telebistan jarraitu ahal izango da Athletic-Barça partida. Udalak zabaldutakoaren arabera, ekimena arratsaldeko 19:00etan abiatuko dute eta ezin jakin noiz arte luzatuko den bertako giroa, batez ere orain dela 25 urteko emaitza errepikatuko balitz.

Sopela

Sopelan, berriz, leku gehiago izango dute zaleek, baita pantaila handiagoa ere. Izan ere udal frontoian jarraitu ahal izango da Athleticen 25. Espainiako Kopa litzatekeena (orain 23 errege kopa eta Espainiako Errepublikako beste bat dauka). Hori bai, gaueko 10ak arte ez da hasiko ekimena.

Plentzia

Plentzian, berriz, Berangoko kontrako irizpidea izan dute eta azken garaipen hura galdu zutenei emango dizkiete aukerak Athletic-Barça ikusteko. Horretarako, Topa-Lekua ireki eta partidaren emisioa jarriko dute 21:30etik eta finala bukatu arte.

Gorliz

Azkenik, "Gorliz Athleticekin!" lelopean, jaialdia antolatuko du Gorlizko Kultur Etxeak arratsaldeko 7:30etik aurrera. Festa pilotalekuan izango da eta bertan ezinbesteko pantaila erraldoiaz gain, oilasko pintxoak, txosna eta musika izango dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun