M-Clan, Pedro Guerra eta Benito Lertxundi ariko dira ekainean eta uztailean Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 12a, 20:22

Getxoko Kultur Etxeak udarako kultura programazioa aurkeztu du gaur. "Programazio anitza eta kalitatezkoa izango da eskaintzaren ardatz nagusia, ikusle mota guztien zaletasunak asetzeko asmoz diseinatua", udal iturriek aipatu dutenez. Aurten musika jaialdiak (jazza, folka, bluesa, habanerak...) eta kontzertuak izango dira protagonista. Izan ere, aspaldian egon ez diren saioak bueltatuko dira kultura egitaraura, eta horietan M-Clan, Benito Lertxundi eta Pedro Guerra jardungo dira, besteak beste. Horrezaz gain, azokak, herri ospakizunak, bertsolariak eta beste hainbat ekimen izango dira ere ekainetik irailera. Azkenik, Udal liburutegiek bultzatutako Letren Terrazak ez dira faltako udako eskaintzan. Argazkian, Benito Lertxundi / Ibilaldia 09.

Musika jaialdiei dagokienez, berriro ere Nazioarteko Blues Jaialdiak (ekainaren 12tik 14ra, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan) emango dio hasiera ziklo horri ekainean eta Jazzaldiaren (uztailaren 1etik 5era, Algortan) txanda izango da ondoren, Euskadiko Jazzaldien Zirkuitu garrantzitsuaren barnean. Azkenik, irailean, Getxo Folkek (irailaren 3tik 6ra, Itzubaltzetan eta Areetan) itxiko du zikloa munduko musiken eskutik. Tartean, Kantuketan zikloak (ekainaren 20an, Itzubaltzetan) euskal musikarik onena ekarriko du Getxora. Aipaturiko horiez gain, udan beste musika ekitaldi batzuk ere izango dira, hala nola, Habanera Jaialdia (irailaren 11tik 13ra) eta Folklore Jaialdia (uztailaren 21etik 23ra, Algortako Biotz Alai plazan). Horien guztien bidez, beste genero batzuekin gozatzeko aukera izango dute getxotarrek.

Azkenik, aurten ere Kultur Etxeak iaz lehenengo aldiz ospatu ziren bi jarduera sustatzearen aldeko apustua egingo du: Getxo Sound pop-rock jaialdia (ekainaren 26an, Algortako San Nikolas plazan) eta Getxotar Abesbatzen Eguna (ekainaren 21ean, Itzubaltzetan, Santa Eugenian). Ekimen horiek bertoko pop-rock eta abesbatza ekoizpena bultzatzeko asmoa dute, hurrenez hurren, eta lehenengo ekitaldian arrakasta handia izan zuten.

Kontzertuak

Jaialdiez gain, musikaren aldeko apustu handia egingo du Getxok udan eta, hori dela eta, zenbait saio bereziak egongo dira. Horrela, estilo anitzeko artisten musikaz gozatu ahal izango da gure artean: ekainaren 27an, M-Clanen pop-rocka izango da protagonista; uztailean, berriz "Katiuska" zartzuela (uztailaren 10ean) antzeztuko da eta Pedro Guerra (uztailaren 11n) eta Benito Lertxundiren (uztailaren 17an) saioak ere izango dira. Hiru horiek Algortako Biotz Alai plazan izango dira. Horiez gain, zehazteke dauden beste bi saio ere izango dira uztailean eta irailean.

Azokak

Udako programazioan ezin dira falta azokak. Ekainean XXVI. Eskulangintza Azokak (ekainaren 5etik 7ra) 100 bat eskulangileen lanak ekarriko dizkigu Areetara eta, hiru egunez, Getxoko Euskal Herriko eskulangintza-erakusleiho handiena bilakatuko da. 20 espezialitate baino gehiagoko artisauak bilduko dira bertan eta, ohi bezala, erakustaldiak eta beste zenbait jarduera egongo dira. Abuztuaren 10ean, tradiziozko San Lorentzo azoka ospatuko da. Algortako San Nikolas plazaren inguruan hainbat salmenta-postu kokatuko dira euskal baserriaren produktu onenekin. Aukera paregabea izango da jai egunaz gozatzeko eta, ohi bezala, jaia burutzeko Biotz Alai abesbatzaren kontzertuak emango dio amaiera egunari.

Irailean Erdi-Aroko Azoka (irailaren 18tik 20ra) izango da protagonista. Jatorri anitzeko berrogeita hamar bat artisau saltoki izango dira Algortako kale eta plazetan, artisautza eta gastronomia espezialitate ugarirekin. Zuzeneko errepresentazioak, antzezpenak eta Erdi Aroko giroa nagusi izango da hiru egunetan zehar.

Bestelakoak

Jarduera nagusiak alde batera utzita, udan badago beste ekitaldiz gozatzeko aukera ere. Horien artean Getxotar Dantza Eguna, "Balkoitik Balkoira" bertso-saioa, "Gaurik Laburrena" film-laburren emanaldia eta Fotorretro argazki zaharren erakusketa aipatu behar dira.

Udan ere, liburutegiek ez dute ateak ixten. Bere egoitzetan eskainitako zerbitzuaz gain, Letren Terrazetan (Udako Liburutegiak) ere gaztetxoek eta helduek liburuez gozatzeko aukera izango dute. Ohikoa denez, udal liburutegiek hiru etxola jarriko dituzte beste horrenbeste plazatan. Hiru gune horietan udarako bereziki hautatutako liburuak irakurri ahal izango dituzte erabiltzaileek. Halaber, aisialdi-eskaintza zabalduko eta gaztetxoek hainbat jokoz eta tailerrez gozatu ahal izango dute udan zehar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun