
Asteburu honetarako jardunalditxo batzuk prestatu ditu Lurralde Zati Planaren (LZP) aurkako asanbladak. Getxoko San Isidro jaiak direla aprobetxatuz, ostiralean, mahai-inguru eta eztabaida izango dira Txorimalo gaztetxean, besteak beste, herri ezberdinetako asanbladak, auzokide elkarteak, Koska irrati librea eta ezker abertzalea parte hartuko dutela. "Dena den, asanblada irekia da, nahi duena etor daiteke", antolatzaileek aipatu dutenez. Hitzordua 18:00etan jarri dute. Hurrengo egunerako, berriz, bizikleta martxa informatiboa antolatu dute, Plentziatik abiatu eta Getxoraino. Ibilbidean zehar, aurreikusitako proiektu batzuez jabetzeko aukera egongo da. Helmugara helduta, luncha egingo dute, "gaueko kontzertuetarako indarra hartzeko". Izan ere, larunbatean, 20:00etatik aurrera, Materia Gris, Bilbomatiks eta Disorders taldeek joko dute Itzubaltzeta gaztetxean. LZPren aurkako asanbladak salatu duenez, "Uribe Kostan, 30.000 etxebizitza eta guzti horrek behar dituen azpiegiturak altxatzea aurreikusten dute". Argazkian, 2007ko urtarrilaren 28an,
azken urteotako manifestaziorik jendetsuena burutu zuten auzotarrek, Getxon 8.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzearen kontra.