Ikasitako dantza, kanta eta bertsoak erakutsiko dituzte ostiralean Getxoko eskola-umeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 13a, 19:37

Getxo udalerriko eskola-umeek ostiral honetan, maiatzak 15, ospatuko dute Euskal Egunaren zazpigarren edizioa. Bertan, ikasturtean ikasitako dantza, kanta eta bertsoak erakutsi ohi dituzte 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek. Horrenbestez, bederatzi ikastetxetako 1.078 haurrek parte hartuko dute, goizeko 10etatik aurrera, Algortako Fadura kiroldegian egingo den jaian. Eskola-umeek San Petrike, Esku-dantza eta Txulalai bezalako dantzak egingo dituzte eta, kanten artean, "Katuen testamentua", "Euskal Herrian Euskaraz" eta "Iluntzean" abestuko dituzte. Bestalde, Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolan, Getxoko Bertsolari Gaztetxoen IX. Eguna ospatuko dute goizeko 10:30etik aurrera. Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) eta Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta, 300 gaztetxok parte hartuko dute ospakizunean. Bertan, bertso-eskolako neska-mutilek antzerki saio bat eskainiko dute, ikasgeletan ikasleek prestatuko saioa izango da, bertso-jolasak, “Balendin Txiki” III. Bertso-paper Lehiaketako sariak banatuko dituzte eta bertso saioa izango da Ekhi Erremundegi, Odei Barroso eta Xabier Paya bertsolariekin. Argazkian, aurrekoetan Getxo Antzokian ospatu izan da Getxoko Bertsolari Gaztetxoen Eguna / ALBE.

III. Bertso-paper Lehiaketako aurtengo gaia “Zure ustez nor da getxoztarrik famatuena?” izan da. Zortziko txikian erantzun behar izan dute parte hartzaileek eta, gainera, eskatutako horren irudia egin ere. Aurreko bi edizioetan 300dik gora bertso sorta izan ziren. Bertsolaritza eskoletan udalerriko ikastetxe eta ikastoletako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailako 781 gaztetxok hartu dute parte aurtengoan. aurten Fadurako Kiroldegian ospatzeaz gain lehenengoz Getxoko Musika Eskolan ere. Dantza eskoletan, berriz, 1.899 eskola-ume izan dira eta abestiak ikasten 745 gazte, 11 eta 12 urte artekoak horiek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun