Ez da posible izan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 14a, 12:28

Hamarka mila zaletu zuri-gorrien berotasuna Mestallan nabaritu arren, Athletic ez da gauza izan bart Espainiako Errege Kopa eskuratzeko. 1 eta 4 galtzea zelaian bizi izandakoaren termometro ona izan da. Bederatzigarren minutuan Toquerok sartutako golaren ondoren, Caparrosen taldea atzean murgildu zen Iraizozen atea zaintzen. Horrela, esnatzea kostatu zitzaion Bartzelona jaun eta jabe bihurtu zen zelai gainean eta 32. minutuan heldu zen Barçaren lehen gola. Tourek zirrikitu bat topatu zuen Athleticen atean eta era ikusgarrian sartu zuen baloia. Bigarren zatian, erreakzionatu ordez, lehoiak mantsotu ziren, erritmoa jaitsiz, Bartzelonari nahi zuen bezala jokatzeko espazioa emanez eta baloiaren jabetzari uko eginez. Osagaiak prest zeuden, hortaz, etorriko zenerako: Messik, Bojanek eta Xavik Iraizoz garaitu zuten, hurrenez hurren, 55., 58., eta 64. minututan. Argazkian, Athleticen zaletu gazte talde bat lehoiak animatzen atzo Algortako Telletxe plazan.

Partidak ja ez zuen gehiagorako eman, ez bada Athleticzaleek eta Bartzelonako jarraitzaileek zein bi taldetako jokalariek kiroltasun eta anaitasun erakustaldia eman zutela. Haien artean, izan ere txistuka hartu zituzten bakarrak Espainiako ereserkia eta erregea izan ziren. Eskualdean ere, milaka zaletu batu zen pantaila erraldoi, handi zein txikian zuri-gorriek piztutako itxaropenari so, tartean lepoko eta elastiko granate eta urdina bakan batzuk ikusi zirela, baina Kopa Bartzelonara joanda lasaitasunez hartu zuten. Oraindik ere, badago ospakizunean murgilduta dagoena. Orain, berriro ere, krisialdi ekonomikoa bueltatu dela dirudi.

Argibide gehiagorako: berria.info/kopa09/
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun