Iñigo Santxo Uriarte: "Getxon ere, P.P., behar zaituztegu!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 14a, 13:04
Aspaldi ikusi nituen Altsasuko San Pedroko zelaietan. Oihuka eta kantuka aritzen ziren, eta garai hartan larregi erreparatu ez banien ere, oraindik gogoratzen dut "Makarroien" inguruko ikuskizuna egin zutela eta euren aurrean zegoen ume mordoa erabat liluratuta zegoela begira, tarteka irriz eta tarteka kantuz. Urteak pasatuta, berriro izan nuen euren berri. Euskal Herrian pairatu genuen ikaragarrizko ziklogenesi mediatiko baten erdi-erdian ikusi nituen, subjektu pasibo gisan. Halere, hor erakutsi ziguten ekaitzik bortitzenak ere ezin dezakeela ilusioa hondoratu. Inkisizioa gogora ekarri zigun sorgin-ehiza anker hura ulertu ahal izateko klabea Poxpolinek eman zigun; sorginak ez direla gaiztoak esana zuen. Areago, bere amama ere benetako sorgina izan zela aitortu zuen, sorgin euskalduna, alaia eta bihurria. Argazkian, Porrotx pailazoa hainbat ume handirekin erretratua ateratzen.
Handik aurrera, eta familia egoerak lagunduta, gertuagotik ikusi eta jarraitu ditut. Era horretan Kintxo ezagutzeko aukera izan genuen, eta berarekin asko ikasi ere bai, Kintxoren alaitasunak lagundu egiten du Hego Amerikatik datozen haurren problematika eta euren herrimina ulertzen.

Kintxoren ostean Tider ere ezagutu genuen. Hor jabetu ginen pertsonak paper eta agirien gainean daudela, edo egon beharko luketela behinik behin. Tiderrek ume berbereengana hurbildu gintuen. Berarekin ikasi genuen "Ifulki" polita dela, eta ume euskaldunen eta berbereen irria berdina dela. Guztia euskara jatorrean azaldu zigun.

Geroago, "Patata, patata" esanez argazkiak egin genituen, Joselu ganbeluaren gainean basamortuan zehar ibili ginen, eta Txilipito aguazil petralak ere ulertu egin zuen autoritatea ezin daitekeela izan gainditu ezineko dogma bat.

Aniztasunaren alorrean ere, Amaluk eta Amadolosek erakutsi ziguten aurreiritzi moral eta sexuengatiko berezikeriaren gainetik familiaren lotura nagusiak maitasuna eta errespetua direla. Lik eta bere aitona egoskorrak ere ulertarazi ziguten maitasunaren termometroan ez dagoela diferentziarik seme-alaba biologiko eta adoptatutakoen artean.

Ijitoengana ere hurbildu gaituzte. Anakletok erakutsi zigun "Katiuska" hartzarekin jolasten, eta Romik "Arrantzazurekin" lagunduta dantzan ipini gintuen, eta liburu konbentzionaletan agertzen ez den ijitoen bandera ezagutu eta aireratu genuen. "Maite zaitut!" esan genion Romiri, eta harrezkero, lelo deliktual bera errepikatu dugu makina bat tokitan.

Garai hartan Marimotots azaldu zen, alaia eta bihurria, bere parkean olgetan egin nahi zuena, eta On Txanpon eta Txanponiren diru-gosea ulertzen ez zuena. Marimototsek gauean eraman gintuen gamusinoen bila, eta erakutsi zigun zartagin zahar, linterna eta irudimen apur batez oso ondo pasa daitekeela.

Baina dena ez zen poza izan: Marimototsen gaixotasuna ezagutu genuen, eta Marimototsekin batera, Ane eta Maialenena. Egoera horren aurrean P.P.-ek euren adorea erakutsi ziguten eta, Aspanovas Elkartearekin batera, hezurmuinaren emaileen aldeko eta leuzemiaren kontrako ekimenari buru-belarri ekin zioten. Euskal Herriko herri, auzo eta txoko guztietara eraman zuten errealitate hau, eta Nagore sendagilearen eskutik erakutsi ziguten musuak, laztanak, kantak eta irriak sendabide osagarriak direla.

Gabonetan, Josep Carreras Fundazioko aldizkaria jasotzen dudanean haiekin gogoratzen naiz, eta aldizkari hori esku artean hartzen dudanean malkoren batek ihes egiten dit beti.

Lagun hauek bete duten funtzio soziala lerro bakar batzuetan biltzea ezinezkoa den arren, oso bitxia da ikustea Euskal Herriko inongo instituzio publikok ez dutela aintzat hartu kolektibo ahulenen alde egin duten lan guztia, eta aniztasunaren, tolerantziaren eta berdintasunaren alde euskal jendartean egin duten lan pedagogikoa. Zordunak gara!

Euskal Herriko umeen artean etengabeko irudimen, pazientzia eta lanari esker irabazi duten ospe eta izen onarekin alderatuta, isilbidezko gutxiespen instituzional hori gutxi balitz bezala, ikusi dugu hainbat politikarik euren kargua erabili dutela lagun hauen kontra egiteko, inolako arrazoibiderik gabe, jakinda euren adierazpenek "zegokien" oihartzuna izango zutela hainbat "komunikabide"-tan. Hori ezin da onartu!

Oraingo honetan prentsaren bitartez jakin dugu Getxoko Udalak P.P. kontratatu dituela datorren ekainean Getxoko umeen aurrean euren ikuskizuna taularatu dezaten. Albistea ez dugu, ordea, ezagutu modurik ohikoenean; izan ere, Udalak emanaldiak iragartzerako, Marigaizto Gorrotogiñe Aseezina pertsonaia ezagun bezain beldurgarria ikusi baitugu komunikabideen aurrean, aipatu kontratazioa bertan behera utzaraziko duela esanez, eta badirudi bere mehatxua betetzeko aukera errealak badituela, Gasteizko Parlamentuan bezala Getxoko Udalbatzan ere ilegalizazioen ondorioz euskaldunon aurkakoek gehiengo absolutua baitute. Ez dago eskubiderik!

Bekatua egin omen dute: ahulenen aldeko beren etengabeko jardunean, presoen seme-alabekin akordatu dira, eta presoen umeek jasaten duten sakabanaketaren biolentzia salatu dute. Marigaiztoaren aurtengo aitzakia, benetan merkea.

Honen aurrean gogora datozkit Gasteizko Gobernuak aspaldi erabili zituen leloak: "Basta ya" eta "Ya no me callo. Pues yo tampoco!".

Ez da zilegi zentsurarik zatarrenaren bitartez Getxoko ume euskaldunen ilusioa zapuztu nahi izatea. Marigaizto Gorrotogiñe Andereak ez du elkartasuna maite, ez daki zer den tolerantzia eta arranguraz gaindituta dago. Baina honen aurrean esan behar dugu horrelako jokaerarik ez dugula onartuko, eta oraindik ez dakigu non, ezta nola ere, baina Getxoko umeek duten eskubidea gauzatzeko tresnak martxan jarriko ditugula, ziur egon. Umeek ezin dute besterik ulertu.

Amaitu aurretik, argitu nahi dut izenburuan agertzen den P.P. laburdura Pirritx eta Porrotxi dagokiela, ez Pozoiaren Partiduari, bakarren batek pentsa zezakeen moduan.

Beraz, ekainaren 16an eta 17an Algortan finkatutako hitzorduak mantendu behar dira, eta aztertu beharko da zein formatu izango den egokiena, baina argi dagoena da zentsuraren aurkako eta tolerantziaren aldeko ekitaldi baten bitartez Bihotz Alai Plaza zahar, gazte, heldu eta umez bete behar dugula, eta handik, Marianek egin bezala, altu eta ozen esan behar diegula "Maite zaituztegu!", Getxon ere Pirritx, Porrotx eta Marimotots behar ditugulako. Ordura arte!

Iñigo Santxo Uriarte abokatuak gaur "Berria." egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun