Taldean doanak ez duela pixarik bakarrik egiten eta batasunak indarra dakarrela behin eta berriro errepikatzen digute boterearen bozeramaileek (bankuen zorrak guztion diruaz estaldu izana soilik horrela zuritu baitaiteke). Baina esaten digutena ez da egia. Izan ere, boterea eta ondasunak dituztenen eta bata zein bestea gabe bizirauten dutenen interesak ezberdinak izateaz gain, aurkakoak dira. Ugazabak ez dira lan-emaileak, esplotatzaileak baizik. Etekinak biltzea da euren helburua eta ez lana sortzea. Enpresariak langile klaseari gainbalioa ateratzeaz bizi dira. Horrek oparotasunean bizitzea bermatzen die, inolako aberastasunik sortu ez arren. Bitartean, langileak behin-behinekotasunean eta mendetasunean bizitzera kondenatuta daude.
Ekonomia gainbehera doala eta horrek kezkatu behar gaituela esaten digute, baina ekonomiaren txikitzea ez da, berez, arazo bat. Gastu militarrak eta burokratikoak, kontsumismoa eta azpiegitura handiak gutxitzea ez da txarra, kontrakoa baizik.
Ildo horretan, maiatzaren 21eko produkzioa etetera mugatuko den greba bat ez da nahikoa. Krisialdia krisialdi ekonomikotik haratago doa. "Krisialdia" gure bizitzak zeharkatzen dituen ezinegona da. Gizarte eredu kapitalistaren krisialdia da, azken finean. Horren guztiorren aurrean, komunikazio eta borroka esparruak martxan jartzeko, geure buruak antolatzeko eta elkar babesa berreskuratzeko kapazak izan behar dugu. Horregatik, greba gure bizitzak berreskuratzen saiatzeko abiapuntua izan behar da. Eta ildo horretan ez dago erdibidean gelditzerik.
"Desberdintasunez beteriko mundu batean, bat-etortzea ezin da jarraitzeko bidea izan. Borroka saihestezina da"
Itzubaltzetako Gazte Asanblada