Getxoko PSE-EEk protesta formala aurkeztuko du hurrengo Kultura Batzordean, Koldo Iturbe bigarren alkateorde eta Getxoko Kultur Etxeko presidenteak,
Zilvitis dantza talde lituaniarrari egindako harreran egindako adierazpenengatik. Luis Almansa konstituzionalisten bozeramaileak adierazitakoaren arabera, "Iturbek zorionak eman dizkio dantza talde lituaniarrari, bere herrialdeak independentzia lortu duelako, nahi ez zuen estatu baten barruan egon ostean. Aipatu dienez, gurean eurak egon ziren egoera berean gaude: Estatu Espainoletik independizatu nahian; baita horren alde borrokan ari garela ere". Kultur zinegotziaren hitzak arbuiatu eta, "berriro ere, Udala eta batzokia nahastea" egotzi dio EAJri Almansak, "ekitaldi ofizial batean Euskadiren independentzia goratzeagatik". Argazkian, Koldo Iturbe erdian, dantza taldeko ordezkariekin.