Ikasleek Arte Ederretako titulazio mapa berrien onarpena eten dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 14a, 20:15

Arte Ederretako Fakultatean Bologna prozesua aplikatzeko titulazio mapa berria onartu behar zutela eta, 90 ikaslek batzarra burutu zuten atzo. "Horrelako aldaketa prozesu batean ikasleek parte hartzeko beharra dutela eta titulazio mapa horrek Bologna prozesuaren baitan lekurik ez duela" adostu zuten bertan. Aldarrikapen horiekin, Fakultateko Batzordea eten zuten eta bozketa, azkenean, errektoretzan burutu behar izan zuten irakasleek. Azkenik, Ikasle Abertzaleek ikasle talde horrekin eta bertan hartutako erabakiekin bat egiten duela adierazi du. Besteak beste, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako eta Psikologiako Fakultateetan abiatu dute Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Eremurako (GHEE) egokitze prozesua (Bologna prozesua). Hona hemen egokitutako ikasketak: Kazetaritza, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Soziologia, Politika eta Administrazio Zientziak eta Psikologia. Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak espero du ekainerako titulazio guztiak egokitu izana. Argazkian, Bolognaren kontrako manifestazioa Leioa eta Erandioko campusean.

Arte Ederretako fakultateko Ikasle Abertzaleen oharra:

Azken asteotan, titulazio mapa berriak onartu behar izateak, presak urduritasunak eta amaigabeko eztabaidak sortu ditu arte ederretako fakultatean, irakaslegoaren artean beti ere izan ere ikasleok hainbatetan salatu bezala prozesu guzti honetan, gure iritzi eta aldarrikapenek belarri gortu batzuk baino ez dituzte aurkitu.

Ikasleok ere autokritika egin eta gure bildu eta antolatzeko gaitasunean, fakultate honetan behintzat, izan ditugun arazoak kontuan hartuta, atzoko egunerako klaseak eten eta ikasle batzar bat deitzea erabaki genuen inposizio berri honen aurrean ikasleok hartu beharreko jarreraren inguruko iritzi ezberdinak bildu eta minimo batzuk adosteko. Batzarra 11:00etan hasi zen 90 bat ikaslek bertan parte hartu zutelarik. Gure fakultateak azken unean korrika eta presaka egindako titulazio mapa bat izatea ez zuela merezi eta ikasleok ere horrelako aldaketa prozesu batean parte hartu beharra daukagula adostu ondoren fakultate honek bere benetako behar izanak beteko dituen titulazio mapa bat behar duelako eta titulazio mapa horrek bologna prozesuaren baitan lekurik ez duelako akordiora iritsi ginen.

Aldarrikapen hauek hartuta ikasleok 12:00etan hasia zen juntara sartu ginen burutzekoa zen hautaketa eten zedila eta fakultateren benetako beharren inguruan hitzegin genezala eskatu genuen. Hala ere, eta zenbait irakasleren barre algaren artean, irakasleek burutu nahi zuten botaketarako proposamenak egiten jarraitu zuten. Ikasleok baina ez geunden amore emateko eta gure interbentzioekin goizeko junta luzatu eta arratsaldera atzeratzea lortu genuen.

Bazkaltzeko tartea hartuta, arratsaldeko 16:00etan bildu ginen guztiok berriz fakultateko gradu aretoan, kasu honetan ikasleok izan ginen aurrenak sartzen gure hitz egiteko jarrera eta asmoa mantenduz eta irakaskuntzan ematen ari den aldaketaren inguruan eztabaida jarraitu nahian. Eztabaidak ordea guztiz bananduta zeuden bi ildotatik bideratu ziren, irakasleen artean zeuden desadostasunak bateko, ez zekitelako onartzeke geratzen zitzaizkien bi graduen izen eta edukiak zein izango ziren, eta ikasleok eskariak besteko, irakasleei gurekin hitzegiteko eskatuz. Auziak ez zuen gehiegi iraun gisa horretan eta 15 bat minututako deliberazio tarte bat hartu ondoren irakasleek bi proposamen mahaigaineratu zituzten graduen izenei zegokienez ("Grado en arte y Grado en arte y tecnologia") eta ("Grado en arte y Grado de creación y diseño") guzti hau gaztelera hutsean eta kontuan hartuta ordurako "Grado en conservación y restauración" onartuta zegoela. Ikasleok ere gure eskaria berriz plazaratu genuen, botazioa eten eta eztabaida marko bat ireki zedila. Botazioari hasiera eman zitzaion eta une horretan ikasleok hautestontzia eta irakasleen artean jarri ginen zutik botaketa hartan parte hartzea ikasleon eskubideen gainetik pasatzea zela eta protestatzeko eskubide osoa genuela argudiatuz. Tentsio handiko uneak izan ziren irakasle batzuk hautaketa burutzearen aldekoak baitziren eta beste batzuk ez. Salagarria iruditzen zaigu baita une hartan arte ederretako dekanoa den Agustin Ramosek azaldu zuen jarrera, segurtasun zaindariei deitu nahi ez ziela eta bera saiatu zen indarrez ikasleok paretik kentzen, gainontzeko irakasle guztiek gelditzeko eta paperak ez galtzeko eskatzen ziotela; gainera junta horrela utzi eta hautaketarekin errektoretzan jarraitu aurretik Agustin Ramosek Ikasle Abertzaleak salatu zuen egoera haren erantzule gisara. Honen aurrean Ikasle Abertzaleok argi utzi nahi dugu atzo bildu zen ikasle taldearekin eta bertan hartu ziren erabakiekin bat egiten dugula, baina ekimen hura burutu genuen ikasleok ideologia eta iritzi oso ezberdinetako pertsonak izan ginela, eta beraz dekanoak ez zuela inongo eskubiderik horrelako salaketarik burutzeko.

Arte ederretako fakultatean hortxe bukatu ziren gora behera guztiak, ikasleok zenbait irakaslerekin hitzegiten genuen bitartean, hautaketak errektoretzan burutu zituzten, bologna prozesuaren inposizioa kanpotik datorkigun zerbait denaren adibide garbia erakutsiz.

Inposizioa honen aurrean ikasleok berriz ere argi utzi nahi dugu egiazko eta ondo egindako aldaketa bat behar duela hezkuntza sistema honek eta horren aldeko aldarrikapenetan eta gure eskubideen defentsan lanean jarraituko dugula.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun