Gasteizko Mintza Egunera joango dira Getxo udalerriko berbalagunak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 15a, 16:03

Datorren ekainaren 6an, larunbatarekin, Euskal Herrian zehar antolatuta dauden berbalagun eta mintzalagun guztien eguna ospatuko dute Gasteizen. MIntza Egunaren IV. ediziora joango direla dagoeneko iragartzen lehenengoak izan dira eskualdean Egizu! Getxo Euskaldun elkarteko kideak. Izan ere, mintzalagun getxoztarrek oraindik daukate gogoan iaz Algortan eta Itzubaltzeta / Romon antolatutako edizioa: "gogoratzen duzue iazko Mintza Eguna etxean bertan? Zenbat lan eta zein poza dena ederto atera zenean! Bada, aurten Gasteizko lagunak prestatzen ari direnarekin gozatzera joango gara Getxokoak, eta egun pasa egingo dugu bertan", Rozio Luzes elkarteko dinamizatzaileak lau haizetara zabaldu duenez. Gainera, dagoeneko Gasteizko mintzalagunek finkatu dute egitaraua, ongi etorria, hamaiketakoa, herria ezagutzeko ibilbidea, kalejira, herri bazkaria, sari banaketa eta Erdizka Lauetan barne hartzen dituena. Izen-ematea maiatzaren 26a baino lehen egin behar da eta irteera 25 eurotan irtengo da. Argazkian, iaz eguraldi ona, paraje politak eta giro bikaina izan zuten. Iazko argazki gehiago hemen eta hemen ikus daitezke.

Prezioak Gasteizerako autobusa eta herri bazkarirako txartela barne bilduko ditu eta dirua Egizuren kontu korrontean (Euskadiko Kutxako 3035 0067 66 0670062588) sartu beharko da, bakoitzaren izen-abizenak eta "Mintza Eguna" jarrita. Diru sarrera egin ondoren, Egizu!rekin harremanetan jartzea baino ez da egin behar. Telefonoz, 619935541 edo 944914357 zenbakietara deituz edo, bestela, egizugetxo[abildua]yahoo.com posta elektronikora idatziz.

Egizu!ko kideek berbalagun guztiei bota diete erronka: "mingainak dantzan jaiaren leloa gogoratzen duzue? Mingainak eta gu, denok dantzan ibiliko gara aurten ere. Animatu eta berbalagun taldean komentatu, lagunekin lotu eta denok Gasteizera!".

IV. Mintza Eguneko egitaraua:

- 9:30ean Autobusa Algortako Kirikiñon (barreren ondoan, egin klik hemen eta ikusi mapan non dagoen).
- 11:00etan, ongi etorria eta hamaiketakoa Matxete plazan, besteak beste Manex Agirre eta Iñaki Viñaspre bertsolariekin.
- 12:00etan, ibilaldi gidatua dultzainaren musikaz lagunduta, Gasteizko Alde Zaharra Kirmen Uribe eta Unai Gartziaren eskutik ezagutzeko.
- 13:30ean, kalejira Alde Zaharretik Landatxoraino.
- 14:00etan, bazkaria Landatxon (Menua: patea, paella, oilasko “pilotak” eta solomoa, postrea, kafea eta kopa).
- 15:30ean, sari banaketa: aurten ere 6 berbalagun jator sarituko dituzte.
- 16:00etan, erromeria Erdizka Lauetan taldeak gidatua.
- 19:00etan, autobusa Getxora bueltatzeko.

Koska irratiak iazko Mintza Egunaz ekoiztutako bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun