Juan de Dios Uriarte Arciniegak hartuko du Guadalupe Caminoren lekua Arkautiko polizia akademiaren zuzendaritzan, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Orain dela 54 urte Sopelan jaioa, Psikologian doktore eta EHUko irakaslea da Uriarte. Aurrerantzean, ertzainen eta udaltzainen heziketaz arduratuko da bera. Gobernu Kontseiluak heldu den asteartean gauzatuko du erreleboa. Uriarte Ikastegiko zuzendari izendatzeak "Arkautiko maila akademikoari eta prestakuntza mailari bultzada emateko eta zentro honen eta beste erakunde batzuen (EHU kasu) artean elkarlana lortzeko apustutzat" jo du Herrizaingo Sailak. "Gainera, aparteko eragina izango du egungo delinkuentziaren alderdi berriei (genero-indarkeria, adin txikikoen kontrako delituak, sare informatikoen bidezko delinkuentzia...) aurre egingo dieten agenteak erakartzeko", tokiko iturriek gaineratu dutenez. Argazkian, ertzainak paseoan Leioa eta Erandioko campusean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!