Euskal Jaia ospatuko dute bihar Lamiakon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 15a, 20:02

Urtero legez, maiatzaren azkeneko ostiralean antzeztuko dute maskarada Lamiakon. Hala ere, giroa pizten hazteko, aurten ere euskal jaia antolatu du Lamiako Maskarada kultur elkarteak. Larunbat honetan ospatuko dute. Horrenbestez, goizeko 11etan txupinazoa bota eta txosna zabaldu bezain laster hasiko dira ekitaldiak. Horietatik askok, gainera, baserri giroarekin edukiko dute zer ikusia: besteak beste, txikienek taloak dastatu ez ezik, horiek egiteko aukera ere izango dute, eurentzako prestatutako tailerretan (trikitia, alboka, txalaparta eta herri kirolak). Eta, nola ez, Lamiakora hurbiltzen diren guztiei baserritarrez jantzita joateko eskatu diete. Hala ere, ez dira bihar faltako euskal jolasak (12:00), txotx erraldoia eta bertsolariak (13:00), herri bazkaria (15:00), irrintzi txapelketa (16:00), dantza taldeekin erakustaldia (18:00), edota sokatira txapelketa (19:00). Herri bazkarirako txartelak Menoyo, JG, Kurkudi eta Txopera tabernetan egongo dira salgai. Euskal jaiari amaiera emateko, berriz, erromeria izango da 22:30ean. Argazkian, iazko Euskal Jaiaren irudi bat. Eguneko argazkiak hemen ikus daitezke.

Bestalde, hilaren azken ostiralean, maiatzak 29, Lamiako auzoko kaleetan barrena ibiliko dira, Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonai mitologiko; San Maximo jaien barruan. Hain zuzen ere, hilaren 31ra arte luzatuko dira ospakizunak. 17:30etik aurrera eta gaua heldu bitartean, magiaz beteko dituzte Leioako inguru horretako txoko guztiak. 1978tik hona, Euskal Herriko mitologiaren antzezpena egiten du urtero Lamiako Maskarada kultur elkarteak. Alde batetik, jentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka uztartzen dute. Eta bestetik, auzoari berari izena ematen dion Lamiaren istorioa.

Euskal Jaiaren Egitaraua:

11:00 Txupinazoa, txosna Irekiera eta umeentzako tailerrak (talo, trikitia, alboka, txalaparta eta herri kirolak).
12:00 Euskal jolasak.
13:00 Txotx erraldoia, txosnan, bertsolariekin.
Bertso-triki-kalejira Lamiako herrian zehar.
15:00 Herri Bazkaria (Txartelak salgai Menoyo, JG, Kurkudi eta Txopera tabernetan)
16:00 II. Irrintzi Txapelketa.
18:00 Herri alardea.
19:00 III. Sokatira Txapelketa: Lamiako vs Txopera eta Peruri vs Txopera desafioekin.
22:30 Erromeria.

Jendea baserritarrez jantzita agertzeko gonbitea luzatu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun