Dena prest dago Sopelako Esaera Zaharren Txapelketarako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 15a, 20:44

Bihar, larunbatarekin, jokatuko dute Sopelan, Esaera Zaharren Txapelketako XVI. edizioa. Aurten, Gotzon Garate idazle eta filologoa zena omenduko dute. Izan ere, iaz zendu zen Garatek esaera zaharrak eta atsotitzak biltzen egindako lan aparta urteak joan eta urteak etorri txapelketaren antolakuntzarako ezinbesteko laguntza izan dute Sopelako AEK Nikola euskaltegikoek. Guztira, 18 taldek eman dute izena txapelketan eta ehun bat lagunek bazkalduko dute Ander Deuna ikastolan, parte-hartzaileak, bertsolariak, musikariak, ikus-entzuleak eta antolatzaileak tartean direla. Gainera, osagai guztiak badauzka biharko egunak, lehia gogorraz gozatzeko: bertan izango dira iaz sari nagusia eskuratu zuen Badok 13 taldea, txapelari eusteko asmoz. Hala ere, ez du lan erraza izango, aurrean edukiko baititu Hau Pittu Hau eta Pozoiak ohiko talde finalistak. Bitartean, behingoz, saria etxean geratu dadin saiatuko dira Aitxu! Sopelako euskara taldekoak. Biharko hitzordua 10:30ean jarri dute udaletxe aurrean, bertso, musika, dantza eta giro apartaz gozatzeko asmoz. Argazkian, iazko txapelketaren irudi bat. Iazko argazkiak hemen ikus daitezke.

Beste osagaiei dagokienez, aurtengo leloa "Jakinek ez deko kalterik" esaera zaharra izango da eta finalean abestuko diren bertsolariak ALBEko Jone Uria eta Aitor Mendiluze gipuzkoarra izango dira. Aurretik, ohikoa denez, litekeena da kanporaketan ALBEko beste bertsolari batzuk aritzea. Eta ohiturei jarraituz, finala Ander Deuna ikastolan jokatuko da. Iaz 26 talde lehiatu ziren Sopelako Esaera Zaharren Txapelketako XV. edizioan, guztira 100 bat parte-hartzaile eta 200 bat ikusle. Kopuru horrekin inoizko parte hartzaileen kopurua gainditu zuten Sopelako AEK Nikola euskaltegikoek. Lehiaketari dagokionez, berriro ere sari nagusia Sopelatik kanpora joan zen, Bilbo eta Berangon bizi diren Badok 13 taldekoek eraman baitzuten, enegarren aldiz. Sopeloztarren esperantza zen Kokoloak taldea bigarren sailkatu zen. Finalaurrekoan, berriz, beste hiru talde geratu ziren kanpo. Hau Pittu Hau eta Pozoinak ohiko talde finalistak zein Biar izan ziren talde horiek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun