Getxoko Udalak amaituak ditu jada Maidagan parkea eta inguruak berriztatzeko lanak. Besteak beste, umeentzako eta nagusientzako jolas-guneak ipini dituzte. Parkeko zorua ere berriz lauzatu dute. Horrekin batera, hiri apaingarri berriak ipini dira (bankuak, paperontziak eta iturria) eta argiteria publikoa handitu egin dute. Maidagan, Iturribide eta Unbe kaleetan, berriz, parkearen parean dauden espaloiak zabaldu dituzte. Bitartean, oinezkoen pasabideak espaloien garaierarekin parekatu eta lerroko aparkaleku gune berriak sortu dituzte, oinezkoen joan-etorrietarako esparrua hobetu eta irisgarriago egiteko asmoz, plataforma bakarrak egokituz. Azkenik, zuhaitz gunea eta jaiak ospatzeko eremua ere zabaldu egin dituzte. Ekintza horietariko batzuk auzokideen iritziak kontuan harturik eraman dira aurrera, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak aipatu duenez. Lanak 821.325 euroko aurrekontua izan dute. Argazkian, Maidagan parkean bertan egin dituzte adierazpenak Arregik eta Landa alkateak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!