Joseba Goikouria Erandioko alkate berria izango da ekainetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 18a, 19:51

Joseba Goikouria Zarraga lehenengo alkateorde jelkideak Erandioko alkatetza hartuko du datorren hileko Udalbatzan. Horrela, Mikel Arieta-Araunabeñaren lekukoa hartuko du, egungo alkateak Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialeko Zuzendaritzara lekuz aldatzeko asmoa baitu. Aldaketa hori gaur goizean jakinarazi du Erandioko Udalak, erdara hutsean zabaldutako komunikatu baten bidez. Idazkiaren arabera, 14 urteko alkatetzari amaiera emango dion "errelebua guztiz gertaera naturala da". Dena den, komunikatuan onartzen dutenez, Arieta-Aranunabeñak hemendik gutxira Merkataritza Ganbaran ardurak hartzeak "bizkortu" egin du prozesua. Goikouria aukeratzeko, udaletxean duen eskarmentu handia eta "hainbat sail sakontasunez ezagutzen duen pertsona" izatea hartu dituzte kontuan. Alkategai berriak 46 urte ditu, ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Kimikaria da eta EHUn lizentziatu zen, ondoren Eroski kooperatiban lan egiteko. 90 hamarkadatik 2003ra arte Kalitate Arloan lan egin zuen. Bazkide kooperatibista jarraitzen du izaten, udal ardurak hartzeko eszedentzia hartu bazuen ere. Argazkian, Goikouria eta Arieta-Araunabeña.

1997an hartu zituen bere lehenengo ardurak Erandioko Udal Gobernuan, Udaltzaingoaz kargutu zenean. Bi urte beranduago, Gizarte Ekintzarako zinegotzi bihurtu zen eta horretan jardun zuen 2003ra arte, Eroskiko bere lanean jarraitzen zuen bitartean. 2003tik aurrera, lana alboratu eta egun eramaten dituen Pertsonal, Ogasuna eta Udal Egoitza sailak hartu zituen dedikazio osoz.

14 urteko ibilbidea

Mikel Arieta-Araunabeña Bustinzak, berriz, 14 urteko ibilbidea utziko du atzean. Egungo alkatea erandioztarra da, 44 urte ditu, ezkonduta dago eta alaba bakarra du. Udalaren izenean, BBKko presidenteordea da eta hainbat enpresa publikotako administrazio kontseiluetan dago egun, tartean Bizkaiko Garraio Partzuergoan. Era berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrien Eudel elkarteko zuzendaritzakidea da, Udalhitz udalen lan hitzarmenetako ardura izanez. Bere Zuzenbide ikasketak Deustun egin zituen eta bertan zein Dublinen graduondoko ikastaroak egin zituen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun