Getxoko Udalak 20.480 euro zuzenduko ditu aurten emakume elkarteentzako diru-laguntzen deialdirako. Eskaerak aurkezteko epea datorren ekainaren 16an amaituko da. Deialdiaren helburua "emakumeen parte hartze politiko eta soziala errazten duten programak eta proiektuak garatzea da, baita udalerrian gizonen eta emakumeen berdintasuna bultzatzen dutenak ere", udal iturriek zehaztu dutenez. Diru-laguntzak eskatzeko honako baldintza hauek bete beharko dituzte elkarteek: dirua irabazteko asmorik gabeko erakundea izatea, nortasun juridikoarekin, egoitza soziala Getxo udalerrian izatea, emakumeek osatuak izatea eta Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen erregistroan eta Getxoko Erakundeen Udal Erregistroan izena emanda egotea. Era berean, nortasun juridikorik izan ez arren egoitza soziala Getxon duten pertsona fisiko edo juridikoen elkarteek ere eskatu ahal izango dute. Eskaerak udaletxean edo herritarrei arreta egiteko Getxo, Itzubaltzeta / Romo eta Algortako bulegoetan aurkez daitezke, Legeak aurreikusten dituen tokiez gain. Argazkian, Getxoko emakumeen elkarteak horma-irudia egiten Emakumeen Nazioarteko Egunean / Urtzi Altube -
Ilanda.eu.