Berangon 2.300 etxebizitza aurreikusten dituen plana salatuko dute asteazkenean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 18a, 23:32

Etzi, asteazkena, hilak 20, Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorra (HAPO) onartzeko ezohiko Udalbatza egingo dute Berangon. Espainiako Alderdien Legeari esker, EAJren Udal Gobernuak gehiengo osoa duenez, HAPOa onartu egingo dute, azken orduko ezustekorik egon ezean. Plangintza hori salatzeko, ordea, Berango Eraikitzen izeneko herri plataforma sortu berri da udalerrian eta, "beste gaitzen artean", Berangon 2.300 etxebizitza berri eraiki nahi dituztela gaitzetsi du herri ekimenak. Era berean, plana auzokideei bizkarra emanez diseinatu izana leporatu diote Udalari. Etzi ere, udaletxeraino eramango dute protesta, eta elkarretaratzea egingo dute arratsaldeko 19:10ean, HAPOa onartzeko Udalbatza abiatu baino hogei minutu lehenago. Plataformako kideek jakinarazi dutenez, hurrengo urteotan Berango zelangoa izango den arautuko duen udal planaren aurka paratzeaz gain, auzotarren parte-hartzea sustatu nahi dute. Horretarako, asteazkenero Berangoetako kultur etxean batzen dira 19:00etan. Argazkian, hilaren 7an Lantzarteko Auzokide Elkarteak beste protesta bat egin zuen.

Berango Eraikitzen herri plataformaren manifestua

Berangoko auzokideei,

Manifestu honen bitartez, Berangoko hainbat auzokidek Udalak onartu nahi duen Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorrari (HAPO) aurre egiteko herri plataforma bat sortu dugula jakinarazi nahi dizuegu, beste herri eredu bat eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko asmoarekin.

HAPOa eratzerako orduan, Udalak ez du Berangoko auzokideen parte-hartzea sustatu. Hurrengo asteazkenean onartuko duten arren, herritarren gehiengoak ez daki zeintzuk diren proiektuaren nondik norakoak eta zeintzuk izango diren bere ondorioak.

Hurrengo urteetako hirigintza hazkundea kudeatuko duela kontuan hartuta, HAPOak berangoztarron beharrizanak izan beharko lituzke hizpide. Horregatik, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da.

Baina Udalak auzokideen kezkak eta beharrak asetzen ez dituen Plan bat proposatzen du, parte-hartzeari trabak jarriz eta inolako gardentasunik gabe.

Herria guztiz eraldatzeko asmoa dute, bere biztanleria bikoiztuz eta beharrezkoa zein jasangarria ez den hazkundea bultzatuz. Gainera, etxebizitzen eraikuntza masibo honek ez du gazteon etxebizitza eskubidea bermatuko.

Biztanleria bikoiztea aurreikusten badute ere, ez dira zerbitzu gehiago sortuko, ez dira komertzio txikiak eta kultur zein aisialdi guneak bultzatuko...

Azken urteetan egin duten legez, lo egiteko herriaren eredua sustatzen jarraituko dute Berangon.

Ez dugu onartuko Udalak bere auzokideen iritzia kontuan hartu barik herrian masiboki eraikitzen jarraitzea. Hori dela eta, maiatzaren 20an Udalak deitutako ezohiko plenora joatea animatu nahi zaituztegu, bertan HAPOari behin-behineko onarpena emango diotelako. 19:10etan, hitzordua baino hogei minutu lehenago, Udaletxe aurrean egingo dugun kontzentrazio herrikoian parte hartzera deitu nahi zaituztegu, Planarekin ados ez gaudela argi uzteko.

Gainera, “Berango eraikitzen” izenarekin sortu berri den plataforma herrikoi eta irekian parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Berangoetako Kultur Etxean biltzen gara asteazkenero arratsaldeko 7etan. Bide batez, gurekin kontaktuan jar zaitezkete berangoeraikitzen@hotmail.com helbidean eta http://www.berangoeraikitzen.blogspot.com blogean parte hartu.

Maiatzaren 20an, 19:10ean , HAPOaren aurkako kontzentrazioa.
19:30etan, Planaren onarpena Udalbatzan.

Auzokide guztion artean, beste herri-eredu bat eraikitzea lortuko dugu!

Berango eraikitzen
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun