EITBk hainbat telebistan saioetan zein Internet bidez zabaldu duenez, Algortako Begoñako gazteluko galerien gaineko proiektua gelditzeko errekurtsoa aurkeztu dute Arriluze Kaiko auzokide elkarteek, horrek euren "etxebizitzak lekututa dauden mendi magala hondeatzea aurreikusten duelako". Euren ustez, "legez kontrakoa da egitasmoa". Hala ere, horrek ez ditu Getxoko Udalaren planak aldarazten", Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak aipatu hedabideari adierazi dionez. "Egikaritze proiektuaren idazketa aurrera doa, baita Bizkaiko Foru Aldundiak egin behar duen horren berrikuspena ere, eraikina kultur ondarea izanda", aipatu duenez. Barcelo kateak luxuzko hotela egin nahi du Begoña gazteluko galerietan. Hala ere, hainbat traba aurkitu ditu bidean, Eusko Jaurlaritzaren txostenak tartean. EITBren arabera, proiektu proposamena idazten ari da oraindik Barcelo. Beraz, lanak hasteko data ez dago jarrita. Argazkian, Begoña gaztelearen inguruko erakusketa paratu zuten orain bi asteburu, Telletxe plazan, proiektuaren kontra dauden hainbat elkartek.