Kaleratzeen aurkako protesta egin dute gaur Indrako langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 19a, 12:36

Azken kaleratzeak eta langileen artean sortutako ezegonkortasuna salatzeko kontzentrazioa egin dute gaur goizean Indrako langileek. Enpresak Erandioko Axpe industrialdean duen egoitza aurrean burutu dute protesta, goizeko 8etan, eta bertan 100 bat langilek hartu du parte. CCOO, UGT eta ELA sindikatuek salatu dutenez, nahiz eta enpresak "Lana Erregularizatzeko Espedienteak (LEE) egiten ez duenik esan arren, kaleratzeak aurrera eramaten ditu tantaka". Mobilizazioak apirilaren bukaeran abiatu zituzten Barakaldoko Beurkoko lantegian eta Axpekoan izandako kaleratzeak direla eta. Baina, langileek aitortzen dutenez, arazoak ez ziren orduan hasi, 2005eko martxoan baizik. Orduan, Indrak Azertia enpresa erosi zuen eta handik aurrera "Bizkaia lurralderik kaltetuena izan da", sindikatuen ustez: "Azertiako lantaldea 400 profesionalek baino gehiago osatzen zuten eta egun 300era ez da heltzen, Indrak aurretik zituen langileak barne". Urtarriletik enpresak 16 langile bota ditu, haietariko lau azken egunotan. "Demaseko kaleratzeak ekiditeko, enpresak %0ko soldata igoerak eskaini dizkigu, baina horrek ez ditu kaleratze zehatzak baztertzen" adierazi diote UKBERRI.NETi ELAko kideek.

"BMB eskumendeko enpresaren etorkizuna ustez bermatzeko enpresa horretara igaro ziren langileen kaleratzea" izan da sindikatuen arabera Indrak egindako "azken amarrukeria". Enpresak "etekin gutxi" aitortzen duela adierazi dute langileen ordezkariek, "beti legez bere jardun etiko eskasa agerian utziz".

Langileek Indrako Giza Baliabideen Zuzendaritzarekin bilduko dira bihar Madrilen eta, besteak beste, lan taldearen egonkortasuna eta datorren urteetarako bideragarritasuna aztertuko dute batzar horretan, kaleratzeen etena eta kaleratuak berriz hartzea negoziazio mahaian ere egongo direla. Dena den, langileak mesfidati agertu dira biharko hitzorduaren inguruan: "Indrak hainbat eta hainbat akziodunen batzarretan agindutako negozio-hazkundea bermatuko duen irtenbiderik edo jarduneko planik ez digute aurkeztu".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun