UKBERRI.NETi dagokionez, 41.500 euroko aurrekontua dauka aurten eta foru laguntza horren %11,5era heltzen da. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren murrizketaren ondoren, litekeena da Getxoko Udalak babesa izoztea, inolako igoerarik gabe.
Horrelakoen aurrean, UKBERRI.NETek eutsiko dio bere zereginari eta Uribe Kosta eta Erandioko albisteak eskaintzen jarraituko du. Era berean, eskualdeko egunerokotasuna ahalik eta era txukun eta ikusgarrien aurkezteko asmoz webgunearen berdiseinuari ekingo diogu laster. Bata zein bestea egingarriak izateko, bazkidetza kanpaina berria burutuko du Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak. Ekimenarekin bat egin nahi duenak bazkidetza txartela bete baino ez du egin behar.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak UKBERRI.NETi emandako laguntza %24,53 jaitsi da iaztik hona. Izan ere, 2008an, Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digital honek 6.323,79 euro jaso zituen foru erakundearengandik, euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko jarduerak burutzeko diru-laguntzen barruan. Aurten, ordea, 4.772,50 euro baino ez ditu eskuratuko. Gainera, bi laguntzak oso urrun daude erakunde bizkaitarrak 2003an eman zuenarengandik. Orduan 10.115 euro bideratu zituen UKBERRI.NET sortzen laguntzeko. Hortaz, sei urteko epean %52,82 murriztu da agerkari honi emandako foru babesa. Baina, jakina, euskalgintzako alderdi handi bati dagokion arazoa da. Guztira, Kultura Sailak 2.210.506 euro inbertitu zituen iaz aipatu laguntzetan eta aurten, berriz, 2.220.000 euro, %0,43 edo hutsaren hurrengoa den igoera aplikatuz, nabarmenki Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) igoeraren azpitik. Bitartean, Bizkaian euskararen aldeko jardueren kopuruak hazten jarraitzen du.