Genma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte gaietarako sailburu berriak agindutakoari jarraituz, biharko greba egunean, "lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak" mantenduko ditu
Metro Bilbaok. Horrela, bada, puntako orduetan, hau da, goizeko zazpietatik 9:30era eta arratsaldeko ordu bietatik 16:00etara, batez beste maiztasun hauek bermatuko ditu garraio enpresak: San Inazio eta Etxebarri artean, 7 minutu eta erdi; bi lineetako adarretan, 15 minutu; eta Plentziaraino, ordu bete. Gainerakoan, batez beste, maiztasun hauek bermatuko dituzte: San Inazio eta Etxebarri artean, 10 minutu; bi lineetako adarretan, 20 minutu; eta Plentziaraino, ordu bete. Bitartean, Bizkaibusek ere
gutxieneko zerbitzuen (pdf) berri eman du. Besteak beste, Uribe Kosta eta Erandiotik Leioako campusera joan nahi dutenek, Areetatik, Bizkaiko Zubitik ateratzen den autobusa baino ez dute edukiko. Hala ere, biharko greba orokorrerako ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkotzat" jotzen dituzte sindikatuek eta horregatik EAEko Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztu zuten, baina honek ez du errekurtsoa kontuan hartu,
Berria.info-k aurreratu duenez. Argazkian, bidaiari bakan batzuk Areetako geltokian aurreko greba batean, metroaren atzerapenei aurre egiten.