Egunkari digital honetan lan egiten duten beharginek bat egin dute ostegun honetarako, maiatzak 21, Hego Euskal Herriko
gehiengo sindikalak deitutako grebarekin. Langileen batzarrean hori adostu ondoren, horrela komunikatu diote UKBERRI.NETen argitaratzailea den UKBERRI Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkartearen zuzendaritzari. Beharginen arabera, "behin betiko krisialdian bizitzen den euskarazko prentsaren langileok ongi dakigu zer den behin-behinekotasunean bizitzea. Horregatik, ez gaude prest etekin sozialik gabeko etekin ekonomiko hutsaren izenean enpresariek, banku-gizonek, gobernuek, nazioarteko enpresek, politikariek eta enparauek sortutako ezberdintasunak, txirotasuna, asimilazioa, diglosia, krisialdia, etnozidioa ordaintzeko. Euskarak eta langileek ez dute horrelakorik ordaindu behar. Izan ere, krisialdi garaiotan da inoiz baino gehiago lagundu egin behar zaien unea". Horregatik, UKBERRI.NETeko kazetariek bihar ez dute normaltasunez lan egingo eta greba orokorrari buruzko informazioa baino ez dute emango, komunikabide honetan bertan zein
Koska irratiaren eta
Grebaorokorra.info sareko ekimenaren bidez. Gure irakurleek ulertuko dutelakoan gaude.
UKBERRI.NET