Erandion, goizeko 8:30ean jarrita zeukaten hitzordua grebalariek, Altzagako metro geltoki alboan, tabernaz taberna eta dendaz denda joateko. Hala ere, ordurako, zabalik zeuden goizez irekita egon ohi diren kafetegi eta kiosko gehienak. Bitartean, eskolak ematera zihoazen normaltasunez Jado-Compasion ikastetxeko neska-mutilak, oinezkoen pasabidetik igaro daitezen, hiru udaltzainek zainduta. Ertzainik ez da agertu inguruan eta piketea denda guneetara abiatu da, gorabeherarik gabe. Bertan, zabalik zeuden banketxe guztietan gaurko jardunaldiaren gaineko informazioa utzi dute grebalariek; baita kartelak jarri ere, orduagatik oraindik itxita zeuden saltoki eta tabernetako pertsianetan. Gutxienez une horretan, taberna bat ixtea ere lortu dute piketeko kideek. Bitartean, normaltasunez ibili da Altzaga eta Barakaldo lotzen dituen gasolinoa. Ez Axpe industrialdean bezala: bertan itxita zeuden enpresa gehienak. Erandioko Carrefour merkataritza gunean, ordea, grebarekin bat egin ez dezaten, langileek "mehatxuak" jaso dituztela salatu dute tokiko greba batzordeko kideek. "Atzo banan-banan joan zitzaizkien nagusiak, gaur greba egingo duten ala ez galdezka. Langileen egoera ezegonkorra da guztiz eta horretaz baliatzen ari dira beldurra sartzeko", adierazi dutenez. Argazkian, Erandioko herriko etxea itxita.
Eskualdeko argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.