Itzubaltzeta / Romon, goizeko bederatzietan jarri dute hitzordua, Kolas plazan, saltokiz saltoki abiatzeko. Hala ere, hasieratik Ertzaintzaren patruila auto bi eta furgoneta bat ibili dira inguruan zelatan. Bitartean, pertsiana ez zabalik, ez itxita, zeukaten denda eta taberna gehienek. Baten batek zera esan dio bezeriari: "itxita daukagu, baina sartu nahiez gero, atea jo lasai". Pinueta aldean bizi izan da lehendabiziko tentsio unea: piketeko kideak --35 lagun inguru- aurrera zihoazela, pare bat ertzain furgonetatik jaitsi eta Amaia kaleko merkatariengana zuzendu dira, arazorik zegoen galdezka. Hala ere, ondoren gertatu da karga saiakera, Kresaltxu kalean. Grebalariak Simply Market supermerkatuko arduradun batekin eztabaidan ari zirela, Ertzaintzaren furgoneta inguratu eta bertatik atera dira agenteak txanoa jarrita eta pilota jaurtigailua eskuan. Piketeko kideak identifikatzeko asmoa ere adierazi dute ertzainek, baina saiakera ustela atera zaie. Grebalariak aurrera jarraitzen zutela, identifikatzeko eskatu dio UKBERRI.NETeko kideetako bati ertzain buruak. Hala ere, kazetaria zela esan eta gero, bertan behera utzi du saiakera. Azken orduko berririk ezean, atxiloturik ez da egon. Argazkian, Ertzainak zelatan piketeko kideak urruntzen diren bitartean.
Eskualdeko argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.