Uribe Kosta eta Erandion industrialdean izan du indar gehien grebak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 21a, 21:54

Eguna "ia normaltasun osoz" joan dela eta "istilu gutxi" izan direla adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak. Patronalak ere garrantzia kendu nahi izan dio gaurko lanuzteari, "erabateko porrota" izan dela aipatuz. Hala ere, sindikatuak ez daude ados: maiatzaren 21eko greba egunak "erantzun zabala eta ugaria" lortu duela diote ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk, egindako lehenengo balorazioan. Hala ere, Eskumaldeko LABek aitortu duenez, gurean, industrialdeetan izan du garrantzi handiagoa grebak, "nahiz eta Uribe Kosta industria gune garrantzitsua ez denez, askorik ez den nabaritu". Pisuzko lantegietan ia erabateko jarraipena izan dute gaurko lanuzteek: Alconza Berango SL, Urdulizko Mecaner SA eta Lamiakoko Vicrila kasu. Erandioko Axpe industrialdean ere itxita zeuden enpresa gehienak. Bitartean, "positiboki" baloratu du lan erakunde abertzaleak, besteak beste, Sopelan eta Berangon, herritarrek eta merkatariek grebari emandako sostengua. Hala ere, beste hainbat herritan -Algortan, Leioan eta Erandion- heren batera baino ez da heldu, dendek eta tabernek grebari emandako babesa. Merkataritza gune gehienak zabalik egon diren arren, Leioako Artea zerratzea lortu du 140 lagun inguruk osatutako pikete batek, goizez. Eroski baino ez da geratu zabalik. Eskualdeko argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun