Leioako kasua propio azaldu dute Eskumaldeko LABeko ordezkariek. Eneko Arruebarrena alkate jelkideari dendariak "hertsatzea" leporatu diote, gaur hasi den Umore Azoka mantenduta "itxi ezin izatera behartzeagatik". Are gehiago, "jarrera faxista" leporatu dio udal agintariari lan erakunde abertzaleak. Izan ere, guzti horretaz berba egiteko hitzordua astearterako eman zien ELA eta LABeko kideei Arruebarrenak. Sindikatuetako ordezkariek Umore Azoka atzeratzea komeni zela aipatu zioten. Hala ere, batzarrak lau minutu baino ez zituela iraun, langileen ordezkariak kaleratu egin zituen Leioako alkateak. Aipatu Umore Azokak gaur arratsalderako deitutako manifestazioan ere eragin ditu gora beherak. "Euskal Herria eredu ekonomiko eta sozial justuenaren alde borrokan!" lelopeko pankarta atzean, 300 lagun baino gehiago hartu dituzte kaleak. Hala ere, Boulevardean 15 minutuz gelditu du martxa Ertzaintzak, aurreikusita zegoen performance ikuskizuna egin ahal izateko. Bestelako ekitaldiak ikusle gutxi eduki dituzte gaurkoan. Kukubiltxok bertan behera utzi du bere ikuskizuna. Argazkian, Leioako manifestazioa.
Eskualdeko argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.