Greba orokorra nabaria izan da Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 21a, 23:41

Leioa eta Erandioko campuserako sarrera guztietan pikete informatiboak egin dituzte greba orokorrarekin bat egin duten eragileetako eta sindikatuetako kideek, Gaztesarea webguneak zabaldu duenez. Autobusetan ez da jende gehiegirik igo eta oro har unibertsitatean ez zen ia mugimendurik sumatzen. Gizarte Zientzien fakultatea ia hutsik egon da, Zuzenbidekoa itxita eta Arte Ederretan, Zientzien fakultatean eta Medikuntzan klase gutxi batzuetan baino ez da egon jendea. Hain zuzen ere, gela horietako irakasle eta ikasleei greba orokorrarekin bat egiteko deia luzatu zaie, eskolak utzi eta kanpora irtetera gonbidatuz. Aipatzekoa da, unibertsitateko gainerako hainbat lekutan zerbitzuak eskaintzeari utzi zaiola. Hain zuzen ere, BBKren eta Viajes Iberiako bulegoak zein kafetegia, ostalaritza eta Bokata ere itxi egin dituzte, arduradunekin hala adostu ostean. Argazkian, Leioako campuseko kafetegia ixten / Gaztesarea. Eskualdeko argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun