Algortako haur eskolan D eredua ez ezartzea eskatu du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 22a, 17:50

Algortako San Inazio haur eskolan D ereduko eskaintza behin betiko ez onartzea eskatu dio Getxoko Udalbatzari tokiko PPk. Bilkura gaur zortzi, hilak 29, egingo da eta bertan, besteak beste, Getxoko Udala eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioa behin betiko onartzea aurreikusita dago. Hori dela eta, gai zerrendatik puntu hori kentzea eskatu du PPk. Popularrek bi arrazoi eman dituzte eskakizun hori defendatzeko: alde batetik bi erakundeen arteko hitzarmenean San Inazion D eredua baino ez dela egongo finkatzen dela, iazko uztailaren 26an egindako Udalbatzan onarturiko eskumenik gabeko adierazpenaren aurka. PPk idatzitako testuaren arabera, "seme-alabak murgilduko diren hizkuntza hautatzeko aukera izan behar dute gurasoek". Beste aldetik, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak iragarritako aldaketen zain egotea gomendatu du Marisa Arrue bozeramaile popularrak. Arrueren ustez, PSE-EEko Gobernuak Haurreskolak Partzuergoan "eredu hiru eledun baten alde" egingo du. Argazkian, San Inazioko zentroa lanetan.

Gainera, popularren arabera, ez dago inolako arrazoirik puntu hau orain erabakitzeko, urtarrilera arte zentroa ez baita martxan hasiko. Bestalde, PPk bat egin du balizko eredu hiru eledunarekin, "getxoztarren gehienek beren seme-alabentzat nahiago dutena", haien ustez.

San Inazioko haur eskolak eskolaurreko 84 ume hartuko ditu, 0 eta 2 urte artekoak. Hasiera batean, zortzi gela izango ditu, horietako lau oraindik urtea bete ez duten umeentzat (zortzina umetxo gelako) eta beste lau urte batekoentzat (gelako 13 umetxo). Horren kudeaketa partzuergoaren eskuetan egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun