Fredi Paya: "beldurra"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 22a, 18:27

[Berria.info] Jon Anzaren senitarteko eta lagunek sentitzen dutena. Tamilen aurkako genozidioa kontatzeko bizi direnen begirada. Langabeziaren aurrean, esplotazio basatia zeruko oparia dela sinesten dutenen bihotz uzkurtua. Seme-alabei arazoetan ez sartzeko eta soilik eurenari begiratzeko esaten dieten gurasoen miopia soziala. Domeka gauez gaupasari amaierarik eman nahi ez dionaren astelehenaren kontzeptua. Bati begiratzean bestea ikusten duenaren isiltasuna. Gure taldean tabuak diren gaien gaineko elkarrizketa pribatua. Habanera erdian lehenengo errima zein bota duzun ahaztea. Bata berdeak eta herio usaina. Bizarra lepoan edukitzea. Animaliak kontrolatzeko modu bakarra asmatu zuen gizakiak. Eta gizakia gizakia denez gizakiarentzat (utzi ditzagun otso gaixoak bakean), era berean antolatu du gizartea. Zibilizazio eta garapena deitzen dioten hori, beldurra gizartearengan hedatzeko tresnen hobekuntza prozesuaren historia da. Ez besterik. Argazkian, atzo Leioan egindako manifestazioaren irudi bat.

Krisiaren berri telebistaren bidez izan nuen lehenik. Susmagarria betiere. Eskuina hasi zen berba hori erabiltzen langabetuak ugaltzen hasi aurretik. Krisi ekonomikoa, hizkuntza guztietan beldurraren sinonimo. Eta krisiak izan dira langileon eskubideak murrizteko abagune nagusiak azken mende erdian. Etxeari eta etxekoei, gure minimo existentzialari eusteko ia edozer onartzeko prest gaudenean. Baina historiak erakutsi du formula horrek ez garamatzala inora. Hemen aurpegia eman beharra dago.

Krisi sakonenean sartuta dauden sektoreek irabazi izugarriak izan dituzte azken urteetan, komunikabideek sortutako panikoaren laguntzaz jende guztia kaleratzen dabiltza orain. Gugandik oso hurbil dirutza itzelak egin dituen jendea dago. Aberastasuna sortzeaz hitz egiten zuena, baina milaka familia kalean uzteko prest dagoena bere dirutzatik euro bat ipini aurretik.

Zerbait egin beharko da.

Fredi Paya bertsolari algortarrak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun