Euskal Herriko hainbat txokoetatik, Asturiasetik, Galiziatik eta Zamoratik etorritako 200 musikari baino gehiago elkartuko dira, larunbat honetan, maiatzak 23, Erandion, Ondarean Folk jaialdiaren hirugarren edizioa ospatzeko. Albokari, bertsolari, dantzari, fanfarre, gaitari, trikitilari, txistulari, txalapartari eta txirula-jotzailez osatutako 30 talde ibiliko dira Altzagan barrena, Ahaire Kultur Elkarteak antolatuta. Horrenbestez, 10:30ean hasiko dira ekitaldiak, talde guztiak metro geltoki ondoko zabalgunean bilduta. Bertatik abiatuta, kalejiran ibiliko dira, 14:30ak bitartean. Ondoren, banatu eta, Irailaren 23a (udaletxea) eta Telefonica (Ertzaintzaren ondoan) plazan, metro ondoko zabalgunean eta ontziraleku ondoko pasealeku berrian emanaldiak eskainiko dituzte taldeak. 15:00etan, berriz, bazkaria izango dute guztiek; eta 18:00etan erromeria eskaini. Egunari bukaera emateko Burgosetik heldutako El espiritu de lugubre taldeak emango du kontzertua. Argazkian, Asturiaseko gaitero taldea iazko Ondarean Folk jaialdian.