Denbora aurrera zihoanik ohartu ez (txiripaz ez dute publizitatea jarri espazio honetan, hutsunea betetzeko), eta arratsaldea joan da "aupa zu" hemendik eta "ene ama" handik eta "aspaldiko motel" bestetik; orduak pantaila aurrean. Pantaila izan ordez, ispilua balitz, ikusiko genuke nola aldatzen zaigun aldartea mezu bakoitzarekin, nola marrazten dugun irribarretxoa une batzuetan, nola eztitzen den begirada besteetan, edo okertzen dugun muturra albiste batzuk jakitean; ohartuko ginateke zein arin dabiltzan atzamarrak teklatuan, esateko antsiaz, eta nola laztantzen ditugun noizbait teklak, epeltasuna transmititu nahian. Hitzek komunikatzen dute, ez distantziak. Hitzek estutzen edo alaitzen dute bihotza. Birtuala baino gehiago da hitzen indarra.
Laura Mintegi idazle algortarrak herenegun "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua