Igandean jokatuko dute Gorlizko triatloia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 22a, 20:25

Igande honetan, maiatzak 24, triatloiaren zazpigarren edizioa hartuko du Gorlizek. Sondikako Triatloi Taldeak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuko dute eta esprint distantzian jokatuko da, 2009ko triatloi zirkuiturako bigarren proba puntuagarria izanik. Lasterketa 10:00etan hasiko dute emakumeek eta hogei minutu beranduago gizonek. Probaren muina Gorlizko hondartzako parkingean egongo da, boxak bertan kokatuko baitira, federazioak zehaztu duenez. Lehendabizi, 750 metro luzerako igeriketa saioa egin beharko dute kirolariek badian zehar: hiruki formakoa izango da ibilbidea, irteera eta helmuga hareatzan izanik. Lehenengo trantsizioaren ondoren, triatletek 23,3 kilometroko bizikleta ibilbide gogorrari aurre egin beharko diote, Orabile, Lemoiz, Andraka, Asteintza (Maruri), Butroe, Urduliz eta Plentzia igaroz, berriro Gorlizera bueltatzeko. Bigarren trantsizioaren ondoren, azken atalari, hau da, 5 kilometrotako oinezko lasterketari hasiera emango diote, Astondo Ibilbideari bi itzuli emanez, hondartzan bertan egongo baita helmuga. Argazkian, triatletak uretatik irteten / Triatloi eta duatloiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun