Izurdekume bat aurkitu dute Erandioko moilan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 22a, 20:36

Ibaizabalgo uretan zebilen 1,2 metroko izurdekume bat topatu zuten atzo iluntzean Gurutze Gorriko kideek, Erandioko moilaren ondoan. Itsas-salbamendurako ontziko tripulatzaileek aitortu dutenez izurdea harrapatzen saiatu ziren, Gorlizko animalientzako zentrora eramateko asmoz, baina itsas-ugaztunak atzean utzi zituen, itsas-adarrean sartuz. Gurutze Gorriko kideen arabera, izurdea "bikain" zebilen eta sasoian zegoen. Gainera, itxuraz, ez dauka inolako zauri edo kalterik jazo. Seguru aski, azkenean animalia bere kabuz itsasoratuko delakoan daude itsas-salbamendurako boluntarioak. Gaur goizeko 9:30ean, berriz, Bilboko Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharra auzoak batzen dituen San Anton zubiaren pean ikusi dute animalia, Atxuri aldean nabigatzen. Ertzaintza, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko kideak eta suhiltzaileak izurdea itsasoratzen saiatu dira baina momentuz animalia Botika Zaharrean gelditzea erabaki du. Bai Bilbon eta Bai Erandion, ikusmin handia sortu du izurdekumeak. Argazkian, izurde bat artxiboko irudi batean / Fernando Cuenca Romero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun