Ekainaren 5etik 7ra 115 artisau bilduko ditu Getxoko Eskulangintza Azokak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 25a, 19:17

Ekainaren 5etik 7ra bitartean, Euskal Herriko artisautza topagunerik handiena bilakatuko da Getxo udalerria. Aurten bere 26. urteurrena ospatuko du tokiko eskulangintza azokak. Bertan, 115 artisauk parte hartuko dute. Ohi bezala, Areetako Xake plazan erakutsiko dituzte 97 artisauk beren lanak eta beste 4 eskulangilek erakustaldiak egingo dituzte. Gainera, Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalean kokatutako gastronomiaren gunean beste 14 artisau jardungo dira. Iaz bezala, aire zabalean izango da azoka eta sarrera, doakoa. Honako hau izango du ordutegia: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era. Larunbatean, 22:00etan itxiko da. Bilboko Kale Nagusiko foru jauregian egindako aurkezpenean hauek egon dira: Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapeneko diputatua, haren sailak diruz laguntzen baitu ekimena; Imanol Landa Getxoko alkatea; eta Iñaki Garate azokaren arduraduna. Argazkian, Roman Aduriz oiartzuarra egurrezko kateak egiten.

Aurtengo azokan hainbat espezialitate erakutsiko dira: zeramika, bitxigintza, ehuna, harriak, metala, larrukigintza eta landare-zuntzaz eginiko lanak. Halaber, ezin dira ahaztu eskulangintzan hain ohikoak ez diren beste arlo batzuk ere, azokan ikusgai egongo dira-eta. Guztira, 28 izango dira ikusi ahal izango diren eskulangintza arloak. Gainera, gastronomia-gunea ere izango da, Ibaiondo kalean, hain zuzen ere, eta bertan 14 salerosle egongo dira.

Eskulangintza azokan parte hartuko dutenak "kontu handiz aukeratu dira" udal zein foru arduradunen hitzetan: "hori dela eta, lortu da azoka anitza", aipatu dutenez. Euskal Herri osotik etorritako eskulangileez gain, Kataluniako, Aragoiko, Galiziako, Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Madrilgo, Errioxako, Asturiaseko, Valentziako, Andaluziako eta Kantabriako partaideak egongo dira. Aurten, gainera, Irlandatik, Italiatik, Portugaletik eta Frantziatik etorritako artisauek parte hartuko dute azokan. Hortaz, ezagutzen dituen produktuak lor ditzake jendeak; baita hain ezagunak ez direnak eta eskulangintza beste era batera ulertzeko bidea ematen digutenak ere.

Erakustaldiak eta lehiaketak

Salmenta-guneaz gain, aurten erakustaldiak egiteko gunea ere egongo da azokan. Bertan, goizez eta arratsaldez, lau eskulangile jardungo dira zuzenean, publikoak eskulanak nola egiten diren ikusteko. Aurten, Toledoko Fatima Carrasco eskulangileak eskuz eta goruz eginiko irutearen teknikak erakutsiko ditu. Bestalde, Belen Alonso eskultore asturiarrak harri-zizelkatze tekniken erakustaldia egingo du. Azenik, Jose Ramon Aguirre kandela-egile bilbotarrak argizaria nola lantzen den azaldu eta erakutsiko du. Gainera, azken eskulangile horren eskutik, gaztetxoenek kandelagintza ezagutu ahal izango dute, haurrentzako tailerra egongo da eta.

Ohi bezala, lehiaketak ez dira faltako azokan. Batetik, eskulangileen lana sarituko da eta, bestetik, produktuak aurkezteko duten modua ere sarituko da: diseinu eta stand lehiaketetan. Ekimen horietan islatzen da urtez urte produktuen kalitatea eta euren postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina. Horrekin batera, urtero erosleen artean egiten dugun zozketa ere egingo da aurten ere eta zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun