Elkartasun Eguna egingo dute larunbatean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 25a, 20:14

Larunbat honetan, maiatzak 30, Elkartasun Eguna hartuko du Algortako Portu Zaharrak. Izan ere, aipatu herrian "elkartasunerako 22 arrazoi" dituzte momentu honetan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Hartara, egun horretan, presoei "beraiei eta beraien senide eta lagunei elkartasuna adierazteko" batzera deitu dituzte algortar guztiak. Goizeko 11etan hasita, koadrilen arteko herri kirolak, herri bazkaria (txartelak ohiko lekuetan), ginkana, tekno-bertso-poteoa eta, besteak beste, Ukalbilkada, Etsi Gabe, 121Krew taldeen kontzertuak izango dira. Hala ere, aurreko egunetan egongo da zer ikusi eta zer entzun Algortan. Bihar bertan, parodiak egingo dituzte. Asteazkenean, berriz, "Tortura orain" izenburuko hitzaldia eskainiko du Ane Ituño Torturaren Aurkako Taldeko (TAT) kideak. Villamonteko kultur etxean, 19:30ean izango da hori. Toki eta ordu berean, "Itsasoaren alaba" dokumentala ikusteko aukera egongo da ostegunean, hilak 28. Filma ikusi ondoren foruma egingo da. Bertan izango dira Josu Martinez dokumentalaren zuzendaria, Haize Goikoetxea dokumentalaren protagonista, eta Txema Urkijo GITE-IPES elkarteko ordezkaria. Azkenik, larunbateko hitzordua ahaztu barik, maiatzaren 29a, hileko azken ostirala izanik, elkarretaratzea izango da, 20:00etan, Telletxe plazan. Bertan, Getxoko Udalean aurkeztuko den dokumentuari atxikimendua eman ahalko zaio. Argazkian, Etxeratek antolatuta, apirilaren 15ean heldu zen Uribe Kostara Dispertsioaren Aurkako Bira.

"Gure auzokideak diren 22 lagun daude dispertsatuta Espainia eta Frantziako espetxeetan. Pertsona eta herritar izategatik merezi dituzten eskubideak ukatu nahi izan dizkiete, etxetik ehunaka kilometrotara dauden espetxeetara eramanez, kolpatuz, hurbilekoekin berba egitea debekatuz, sexualki umiliatuz, intimitatea lapurtuz...", salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Horregatik, maiatzaren 30ean, "beraiei eta beraien senide eta lagunei elkartasuna adierazteko" batuko dira Algortako Elkartasun Eguna ospatzeko. Azaldu dutenez, "jai giroan, duintasunez bizitzen jarraitzeko hainbeste behar eta merezi duten berotasuna adieraziko diegu gure herrikideei". Horrez gain, "eskubide urraketa honi aurre egiteko" helburua duen eta Getxoko Udalean aurkeztuko den dokumentuari atxikimendua adierazteko aukera izango dute herriko koadrila, elkarte, kirol talde, enpresa, kolektibo eta banakoek. "Zuen sinadura behar-beharrezkoa delako, maiatzaren 30ean hurbil zaitezte Elkartasun Egunera!", amaitu dutenez.

Elkartasun Eguneko egitaraua:

11:00 Koadrilen arteko herri kirol txapelketa (parte hartu zure koadrilarekin).
14:00 Herri bazkaria (txartelak aldez aurretik erosi ohiko lekuetan).
16:30 Ginkana.
18:00 Tekno-bertso-poteoa.
20:00 Kontzertuak: Ukalbilkada, Etsi Gabe, 121Krew...
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun