Ordezko nekazaritza-jarduerak aztertu ditu EHUko tesi batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 25a, 20:44

Nekazaritza-lurren etengabeko degradazioa ingurumenari eta gizarteari loturiko arazo larria da. Horregatik, beharrezkoa da nekazaritza-eredu jasangarriagoak garatzea, EHUko ikertzaileen arabera. Tesiaren egilea Iker Mijangos Amezaga da, Biologian lizentziaduna, eta tesiaren izenburua, berriz, "Impacto de las practicas agricolas sobre la salud del suelo (Nekazaritza-jarduerek lurzoruaren osasunean duten eragina)". Tesiaren zuzendariak Carlos Garbisu Crespo eta Isabel Albizu Beitia izan dira, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia sailekoak. Mijangosek NEIKER-Tecnaliarekin lankidetzan egin du tesia, eta gaur egun ikertzaile lanetan ari da zentro teknologiko horretan. Tesian, Mijangosek aztertu du zenbait nekazaritza-teknika alternatiboek —lugorri uzteak, ongarriztatze organikoak, kareztatzeko kareharria edo zur-errautsa erabiltzeak— laborantzaren ekoizpenean eta lurzoruaren osasunean duten eragina. Lurzoruaren osasuna neurtzeko, adibidez, lurzoruaren hainbat ezaugarri fisiko, kimiko eta, batez ere, biologiko aztertu ditu. Argazkian, Iker Mijangos Amezaga (eskuinean), eta Isabel Albizu Beitia eta Carlos Garbisu Crespo, tesiaren zuzendariak.

Ikerketaren lehen zatian, ikertzaileak ondorioztatu du mendiko larre estentsiboetarako kareharria aukera bideragarria izan daitekeela, aspalditik erabiltzen den kare biziaren aldean. Izan ere, produktu biek lurzoruaren azidotasuna murrizten dute neurri batean, eta lurzoruaren aktibitate biologikoa, belar-kantitatea eta belarraren kalitatea handitzen dituzte.

Bazka-txandatze intentsiboei dagokienez, azterketaren arabera, ustiapen-kostuak murriztu egiten dira behien mindarekin ongarrituz (ongarri organikoa), lugorri uztearen teknika erabiliz, eta neguan lekadunak ereinez —ongarriztatze mineralarekin, ohiko laborantzarekin eta landare gramineoen monolaborantzarekin alderatuta, hurrenez hurren—. Behien mindek, batez ere lugorri uztearekin batera erabiltzen direnean, lurzoruko mikroorganismoen aktibitatea eta dibertsitate funtzionala handitzen dituzte, baita zizare-kopurua ere. Hala ere, lugorri uzteak trinkotze-arazoak sor ditzake, bigarren urtetik aurrera, ehundura fineko lurzoruetan.

Bazka-landareekin egindako azterketan, ikertzaileak ikusi du glifosatoak, gomendaturiko dosian erabilita, errizosferako —sustraien ondo-ondoko lurzoruko— mikroorganismoen dibertsitate funtzionala aldarazten duela.

Adierazle baliagarriak

Ikerketa horietan oinarrituta ondoriozta daiteke nekazaritza-jarduerek lurzoruaren osasunean duten eraginaren adierazle baliagarriak direla mikroorganismoen biomasa, aktibitatea eta dibertsitate funtzionala, eta zizare-kopurua.

Nekazaritza-lurren etengabeko degradazioa ingurumenari eta gizarteari loturiko arazo larria da, eta, munduko biztanleria hazten ari denez, guztion elikadura-segurtasuna arriskuan jar dezake. Hori dela eta, nekazaritza-eredu jasangarriagoa garatzea beharrezkoa da, besteak beste, uzta oparoak eta lurzorua zaintzea bateratzen dituzten nekazaritza-teknikak erabiliz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun