Ibili badabiltza Erandioko auzo bazterrak Altzaga eta Astrabuduako herriguneekin lotuko dituzten bi autobus linea berriak. Gaur abian jarritako ibilgailuetan 30na lagun bidaiatu ahal izango dira, horietatik 21 eserita. Horretaz gain, arrapalak dauzkate autobusek ezinduek eta haur-kotxeek bertara igo ahal izateko. Ordutegiari dagokionez, ordu beteko maiztasunez ibiliko dira eta, joan-etorria, 20 eta 25 minutu artekoa izango da. Ibilbide osoak 1,10 euroko salneurria izango du, Creditrans txartelarekin ordainduta 90 zentimo. Eta bidai erdiagatik, hau da, gutxi gora behera Erandio Landatik irtenda, 45 zentimo ordaindu beharko dira. Bien bitartean, Gizatrans txartela daukaten erretiratuek 30 zentimorengatik egin ahal izango dute bidaia. Hala ere, larunbatera bitartean doakoa izango da bidaiari guztientzat. Autobus berriek 7:00etatik 23:00etara bitarteko ordutegia izango dute, astelehenetik ostiralera. Larunbatean, goizez baino ez dira ibiliko: 15:00ak arte. Eta igande eta jai egunetan ez da zerbitzurik egongo. Argazkian, hasi dira metro geltoki ingurua atontzen Altzagan.