Eurodiputatu euskalduna izango du Uribe Kostak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 26a, 17:57

Europako Legebiltzarraren azken legealdian bezala, ekainaren 7an aukeratuko diren diputatuen artean Uribe Kostako euskaldun bat izango da, PPren Carlos Iturgaiz, alegia. Ezkerraldean jaio eta hainbat urte bizi arren, bolada luzea darama Iturgaizek Areetan. Hautagai euskaldunak Mayor Orejak gidatzen duen zerrendako 16. tokian egoteagatik segurua dauka Estrasburgorako txartela, azken uneko ezusterik ez badago behintzat. Izan ere, 23na diputatu iragartzen dizkiete inkestak PSOE eta PPri. PSOEri dagokionez, Eider Gardiazabal Rubial, Ramon Rubial PSOEko buruzagi historiko erandioztarra zenaren iloba, kokatu dute zerrendako 14. tokian. Gardiazabal egun Bilboko zinegotzia da. Bestalde, CiU, EAJ, Partido Andalucista, Coalicion Canaria, UM, UMe eta BNVk osaturiko Europarako Koalizioa izeneko zerrendan Izaskun BIlbaok lortu lezake jesarlekua. Rut Martinez erandioztarrak eta Irkus Ansotegi algortarrak, ordea, ezinezko dute, 24. eta 27. lekuetan. Aralar, EA, ERC, BNG, Los Verdes, Chunta Aragonesista, Entesa Per Mallorca eta Partido del Bierzok badute eskura jesarleku bat, ERC, BNG eta Aralarrek txandakatuko luketena. IUri ere diputatu bat ematen diote inkestek, UPDri ukatzen diotena. Iniziatiba Internazionalista, berriz, ez dute aintzat hartu oraingoz eta baliteke ilegalizatzen saiatu duten zerrendak aukerak izatea, ezker abertzaleak haien aldeko botoa eskatu ondoren. Argazkian, Carlos Iturgaiz jertse gorria jantzita PPren mitin batean Areetan.

Ultra eskuineko 9 hautes-zerrenda

Guztira, 37 zerrenda (pdf) aurkeztu dira Estatu espainiarrean 50 diputatuak eskuratzeko. Haietariko biri ukatu die parte hartzea Hauteskunde Batzordeak, Ciudadanos Agobiados y Cabreados-i eta Partido Integral-i, alegia.

Beste 35 zerrenden artean, Espainiako eskuin muturrak multzo handiena osatzen du, bederatzi talderekin. Izan ere, SAIN (Soildaridad y Autogestion Internacionalista), FE de las JONS, FV (Partido Familia y Vida), AES, Falange Autentica, Frente Nacional, MSR (Movimiento Social Republicano), Democracia Nacional eta UCE (Unificacion Comunista de España) lehiatuko dira hainbat talderen arteko hautagaitza bateratua lortzen saiatu ondoren.

Alderdi abertzale eta independentistei dagokienez, bost zerrenda daude. Aralar eta EA batzen dituen Independentistak eta Ezkertiarrak, Partit Republica Catala, Unida Nacionalista Asturiana, Andecha Astur eta Iniziatiba Internazionalista. EAJren Europarako Koalizioan, berriz, abertzaleak eta erregionalistak nahasten dira. Bestalde, propio zerrenda erregionalistak aurkeztu dituztenak honakoak dira: Extremadura Unida, Unio Valenciana, Partido Regionalista del Pais Leones eta Partido Socialista de Andalucia.

Ezker Antikapitalistak sostengu taldea dauka Uribe Kostan

Ezker federalista, ordea, bost zerrendetan aurkezten da. Lehenengoa, Ezkerra da, Ezker Batuak eta IUk, besteak beste, sostengatzen dutena. Ohiko hautagaitzen artean topatu daitezke Espainiako Herrietako Alderdi Komunista - Euskal Komunistak (PCPE-EK), Berdeak-Europar Talde Berdea eta POSI. Laugarren Internazionaleko alderdiaren zerrendan, 6. tokian, Jesus Maria Perez Martinez "Txarter" Pinuetako auzokidea eta UGTko sindikalista dago. Lehenengo aldiz aurkezten direnak, berriz, Ezker Antikapitalista da. Espainiako IUren banaketa batetik sortu eta Uribe Kostako sostengu taldea eratu da bere inguruan. Bertan, Alternatiba Eraikitzenek, Ezker Alternatiboak eta Zutiken Gorripide ildoak zein norbanakoek lan egiten dute, tartean Ruben Belandia Leioako zinegotzi ohia.

Espainiako zentro alderdietara igaroz, hiru aurkeztuko dira: CDS, UCL eta CDL, azken udal hauteskundeetan Leioan 52 boto atera zituena. Ondoren, ideologia ikusmolde ezberdinetatik baina espainiarzale sutsuak izatean bat datozen PP, PSOE eta UPD datoz. Rosa Diezen alderdiak Fernando Maura Getxoko PPren kide ohia aurkezten du bigarren lekuan.

Libertas, aberats baten alderdia

Talde sailkaezinen artean, ohiko Partido Humanista, Por Un Mundo Mas Justo eta PACMA daude. Dena den, aipatzekoa da Libertas eta Ciutadans-en arteko koalizioa ere. Ciutadans alderdiak Katalunian UPDren espazio bera okupatzen duen bitartean, barne gatazketengatik desegiten ari da. Libertas alderdi paneuropearra eta katolikoa, ordea, milioi asko duen Declan Ganley enpresari irlandarrak berriki sortutakoa da. Bien arteko koalizioaren zerrendaburua MIguel Duran da, ONCEren zuzendaria izandakoa.

Iniziatiba Feminista

Azkenik, azpimarratzekoa da alderdi feminista bat izango dela ekainaren 7an hautagai. Iniziatiba Feminista iaz sortu zuten, "herritarren eta beraz, emakumeen interesei buruz erabakiak hartzen, antolatzen eta legislatzen diren kudeaketa politikodun organoetan ordezkariak lortzeko" asmoz. Aurrekariak, badituzte, izan ere 2005ean Suedian izen bereko alderdia sortu zen eta hori daukate eredu. Euren programan benetako berdintasuna eskuratzeko hiru urrats nagusi proposatzen dituzte: emakumeen aurkako indarkeriarik gabe bizitzeko emakumeen eskubidea bermatzea, soldata eta lan baldintzak parekatzea eta dependentzia egoeran dauden senideak emakumeen lepora ez egotea, behar diren zerbitzu publikoak ezarriz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun