Pasa den igandean amaitu zen Algortako Telletxe plazan egindako Getxoko Bigarren Eskuko Liburu Azoka. Aurtengo edizioan, laugarrena, 11.100 euro bildu ziren, Tindoufen egingo den proiektu solidario bati zuzenduko zaiola dirua. Azokak, Getxo udalerriko udal liburutegiek antolatuta, 15.000 bisitari bildu zituen eta 13.000 bat liburu saldu ziren bertan, salneurri sinbolikoetan. Salgai izan ziren liburuak norbanakoek liburutegiei emandakoak ziren soilik. Horiek guztioriek euro bat inguruko prezioa izan zuten, bildutako dirua proiektu solidario bati zuzenduko baitzen. Aurten dirua ATFAL Sahararen aldeko elkarte getxoztarrari emango zaio eta Tindoufen elbarrientzako proiektu bat garatzeko erabiliko da Iaz 10.000 euro eta aurreko urteetan 6.000 euro inguru jaso baziren ere, aurtengoan 11.000 euroak gainditu dira. Ekitaldi horren arrakastak erakusten du jarduera finkatu ez ezik hazi ere egin dela, bai bisitarien kopuruan, bai bildutako dirutzan. Jendeak eskainitako liburu kopuruaren ia %87a erosi du. Fondoak hainbat gai jorratzen zituen, bideoak, bildumak eta entziklopediak barne zeudela.